'Vermines' filmak inaugurauko dau 34. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea
2023-10-20 09:39 ZinemeaZinema espainiarraren eta japoniarraren presentzia nabarmena egongo da.
Urriaren 27an, barikua, Vermines (Sébastien Vaniče, 2023) film frantsesak, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 34. Astea inaugurauko dau Donostiko Antzoki Zaharrean. Junta Yamaguchi zuzendariaren River (2023) filmak leku berean zarratuko dau Astea zemendiaren 3an. Guztira, 32 film luze eta 38 film labur proiektauko dira jaialdian eta horreezaz gan, jarduera ugari programau dira, esaterako, sorginkeriaren inguruko kale festa bat.
Data horreen artean urte honetako fantasiazko zinemearen titulu onenen aukeraketa bat erakutsiko da, film luzeak eta laburrak.
Ondokoak dira sail ofizial parte hartuko daben film batzuk; Cuando los amos duermen (Santiago Alvarado Ilarri); La Espera (F. Javier Gutiérrez); Vermines (Sébastien Vaniče); River (Junta Yamaguchi); Brujería (Christopher Murray); eta, Blood (Brad Anderson).
Antzoki Zaharra izango da jaialdiaren egoitzea, halanda ze, bertan proiektauko dira sail ofizialeko 23 filmak. Hori ezeze, Victoria Eugenia Antzokiak gazteendako saio bereziak eskainiko ditu eta Tabakaleran film bi proiektauko dira.
Filmeez gan, bestelakoak be atondu dira: Elisa McCausland eta Diego Salgadoren Beso negro: Brujería, cine y cultura pop liburuaren berbaldia; Sorgin-Con agertoki bat egongo da Donostiako Kiosko inguruan; Fantasiazko zinema japoniarraren ikonoak Aguilar-Haraguchi Bildumea Okendo Kultur Etxean; eta, Bruixes – Sorginak – Brujas. (Akelarre) Udal Liburutegiko Ekitaldi Aretoan, besteak beste.
Itziar Ituño, aurtongo kartelaren protagonistea
Autongo edizinoan sorginak dira protagonistak, halanda ze, kartelak horixe bera islatzen dabe. Itziar Ituño euskal aktorea da karteleko sorgin duala, argitsua eta iluna aldi berean.
Kartela bera, Nerea Torrijos-en taldeak egin dau, haren esanetan sorginaren topikoenetatik iges eginez. Tarot karten itxurako diseinuaren esentzia emon deutso baita be. Argazkiaren egilea Marta Fresnillo izan da eta Torrijos-en estudioa ALive VFX & Design.
Sarrera eta abonuak
Gaur, hilak 20, goizeko 11:30ean jarriko dira salgai abonuak Antzoki Zaharreko leihatilan. Sarrera solteei jagokenez, urriaren 23an jarriko dira salgai Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eta Donostia Kultura webgunean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!