XV. Zinema Ikusezinaren Nazinoarteko Jaialdia, Film sozialak hemen da
2023-10-18 13:23 ZinemeaProiekzinoak Muxikebarrin eta Aixerrota eta Romo-Artaza institutuetan izango dira.
Datorren barikuan, urriak 20, XV. Zinema Ikusezinaren Nazinoarteko Jaialdia, Film Sozialak izenekoaren hainbat proiekzino ikusi ahal izango dira Muxikebarrin. Jaialdia KCD, Kultura, Communication y Desarrollo GKEak atontzen dau, Euskal Lankidetzako Agentziaren eta hainbat erakunderen laguntzinoari esker, tartean Getxoko Udalarena.
Bestalde, beste urte batez, Aixerrota eta Romo-Artaza institutuek parte hartuko dabe Jaialdian.
Zinemaldiaren helburua da jasangarritasuna, genero-bardintasuna, kulturartekotasuna eta giza eskubideak sustatzea, kulturea, hezkuntzea eta gizartea eraldatzeko komunikazinoaren bitartez, ezinbesteko hiru elementu Nazino Batuen 2030 Agendearen helburuak eta garapen jasangarria lortzeko: Getxok, barriro be, Zinemaldiagaz kolaboretan dau, garrantzitsua dalako eraldaketan aurrera egiteko. Esangura horretan, udalerriko institutuen parte-hartzea azpimarratzen dogu, gazteakaz gai horretan lan egitea eta aurrera egitea dakarrelako, nabarmendu dau Carmen Díaz Gizarte Kohesinoko zinegotziak.
Aurten, Jaialdiak, urriaren 19tik 26ra, aukeratutako 64 (%46k emakumek eginda) lan proiektauko ditu, 54 herrialdetatik (%14 Afrikakoak) etorritakoak eta bost institutuetan egindakoak (bata Aixerrotan).
Jaialdiak 33 egoitza izango ditu eta horreetan, 479 saio eskainiko dira, Bilboko Azkuna Zentroan eta Euskadiko hainbat udalerritan, besteak beste, Getxon.
Saritutako pelikulak hemen www.filmsozialakstreaming.org helbidean ikusi daitekez urriaren 30etik zemendiaren 5era bitartean.
Muxikebarri
Lekuak bete arte doban sartu ahal izango da; arratsaldeko 19:00retan hasiko da Aixerrota institutuko gazte getxotar batzuek gizarte-bazterkeriak eragiten dauen bakardadeari buruz egindako Hutsik film laburraren proiekzinoagaz. Ondoren, Constructoras de sueños dokumentala ikusi ahal izango da, Senegalgo GGKE baten lanari buruzkoa. Horri esker jaubetuko gara emakume askok tradizinoz maskulinoak izandako lanbideak bereganatu dituela. Mensaje ancestral lanak medikuntza tradizionalaren egoerea jorratzen dau Kolonbian eta Arnasa izenekoak landa-ingurunearen hainbat ikuspegi erakutsiko ditu. Azkenik, hainbat erakundek, tartean Entreamigos-Lagun Artean, talde getxotarrak egindako Derechos Humanos de las Humanos dokumentalak Guatemalako eta Euskal Herriko kazetaritzeari, politikeari, arteari eta emakumeen eta erakundeen adostasunari buruzko gogoetak eta bizipenak jorratzen ditu.
Getxoko gazteek eta Entre Amigos-Lagun Artean alkarteko ordezkariek proiekzinoen ondorengo barriketaldian parte hartuko dabe.
Institutuak
Hamar urteetan zehar Jaialdiagazko konpromisoagaitik aitamen bereziak jaso dituen Aixerrota eta Romo-Artaza institutuetan aste honetan hainbat proiekzino eta tailer izango dira. Ekimena DBHko laugarren mailako eta Batxilergoko lehenengo mailako 1000 bat ikaslerengana helduko da. Instituto biek jasoko dabe Jaialdiaren sinboloa dan katuaren eskulturea.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!