Badatoz Zinexit Topaketak, Giza Eskubideen XIII. Zinema Erakustaldiaren atarikoa
2023-10-11 09:33 ZinemeaZemendiaren 20tik 24ra egingo da.
Zinexit Giza Eskubideen Zinema Erakustaldiak hamahirugarren edizinoa dau aurten. Zazpigarren artearen magiak errealidade askotara hurreratzeko eta bizikidetzeari eta oinarrizko eskubideei buruz hausnartzeko aukerea emoten deusku.
Aurten be, Golem Azkuna Zentroko zinema-aretoek (Bilbo) film ziklo bat hartuko dabe zemendian baina bart, urriak 10, Zinexit Topaketak, jaialdiaren aperitibotzat, Raúl Campos bizkaitarraren El aprendiz film laburraren estreinaldia eta Alejandro Rojas eta Juan Sebastián Vasquez zuzendarien Upon entry thrillerraren proiekzinoa izan dira.
Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzeak atontzen dauen Zinema eta Giza Eskubideen ziklo honen XIII. edizinoa zemendiaren 20tik 24ra izango da, baina ohikoa danez, Zinexit Topaketak izeneko atarikoan, Alejandro Rojas eta Juan Sebastian Vasquezen Upon entry opera prima programau da. Filmak zenbait etorkinek AEBetan sartzeko dituen zailtasunak azaltzen ditu. Bikote baten istorioa da, thriller psikologikoa, eta bertan agirian geratzen da aireportuetan, inorena ez dan lurraldean, gauzatzen dan indarkeria instituzional bildurgarria, eta migrazino-politikak arazo barik sartu daitekezala personen bizitza intimoenean. Filmak Alberto Ammann (Celda 211) eta Bruna Cusí (Verano 1993) ditu protagonista, Ben Templegaz eta barriketaldian parte hartuko dauen Laura Gomezegaz batera.
Erreferentea bizikidetzeari eta Giza Eskubideei buruzko hausnarketearen eremuan Noemí Ostolazak, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun zuzendariak, adierazo dauenez, giza eskubideek mundu osoan aurrekaririk ez daben erronkei aurre egiten deutsen momentu honetan, Zinexit aukera ederra da sensibilizetako, hausnartzeko eta, batez be, jarduteko. Zinema-erakusketa hau erreferente bihurtu da bizikidetzeari eta giza eskubideei buruzko hausnarketearen arloan. Itxaropenezko itsasargi bat da, gero eta erronka konplexuagoak eta nahasiagoak dituan mundu honetan. Espazio horretan zinemearen magiak bat egiten dau gure gizarteko gairik premiazkoenei buruzko hausnarketa sakonagaz. Ikuspegien dibersidadea eta ahotsen aniztasuna ulermeneko eta alkartasun demokratikoko tapiza ehuntzeko batzen diran lekua da, esan dau.
Noemí Ostolazak nabarmendu dau Zinexit Topaketok hausnarketarako eta gozamenerako topaleku dirala.
Bertaratzea doban da leku guztiak bete arte.
Informazino gehiago www.zinexit.net
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!