Elena Irureta eta Ane Gabaraini emongo deutse Euskal Zinemearen Begirada saria

Bizkaie! 2023-10-11 08:27   Zinemea

Euskal Zine Bilerea barrikuntzaz josita dator.

Lekeitioko Euskal Zine Bilera hasteko egun batzuk baino ez dira geratzen eta jaialdiak bere aurtengo barrikuntzak emon ditu ezagutzera.

Edizino honetan jaialdiak ondare legez dauen balioa goraipatu nahi dau Euskal Zine Bilereak. 46. edizinoan, ibilbide luze honetan zehar emondako pausoak mahai gainean jarriko dira, Jarraitu zinearen lorratza da jaialdia borobilduko dauen lemea, atzera begiradea egitea bide barriak zabaltzeko.

Euskal Zinemearen Begirada saria

Euskal zinemagintzari bateren batek emon badeutso ospea horreek gure aktoreak izan dira. Euskal Zine Bilereak urtero jarten dau bere begiradea euskal ikus-entzunezkoen arloan ekarpen berezia egin dauen eragile edo persona batengan. Aurten, aktore handi biren bideak kurutzatu nahi ditu eta merezidu daben autortzea egin eta ospatu. Hamarkada honeetan guztietan, gure iruditegia osotzeko egindako ekarpena eta euskal ikus-entzunezko ondarean itxitako lorratzaren gainean jarriko dogu Euskal Zinemearen Begirada. Saria Ane Gabarain Gaztelumendi (Donostia, 1963) eta Elena Irureta Azanza (Zumaia, 1955) aktoreentzat izang da. Biak bietara euskal zein Euskal Herritik kanpoko iruditegian lekua egin daben aktoreak dira.

Pantaila edegia

Euskal Zine Bilereak euskerazko zinemagintzea bultzatu eta sustatzeko lana egiten dau eta badagoz antzeko helburua daben beste eragile batzuk be. Hori dala eta, garrantzitsutzat emoten da horreekaz be alkarlana sustatzea. Edizino honetan asko izango dira bidelagunak baina, barrikuntza lez, Gasteizko Artium Museoagaz konpartiduko dogu tarte berezi bat. Pantaila edegia ekimenaren barruan euskal kulturgintzearen arloko erakundea dan Artium Museoak, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoagaz alkarlanean abiatzen da Zine Elkarrizketak egitasmoaren bidez. Artium Museoko Z aretoan erakutsitako hiru euskal sortzaileren lanen aukeraketa bat proiektauko da eta egileakaz alkarrizketa egingo da ostean. Ainara Elgoibar-en Gold 20, Maddi Barber eta Marina Lameiro-ren Paraíso eta Irati Gorostidi eta Mirari Echavarri-ren San Simon 62 filmak ikusi ahalko dira.

Garaikur barria

Euskal Zine Bilereak zinemagintzaz gan, artearen arlo askotara zabaldu nahi ditu bere mugak. Hau kontuan izanik, jaialdiaren garaikurra barritzeko deialdia egin eban orain hile batzuk. Gainera, 2023tik aurrera euskal artista batek hartuko dau garaikurra diseinetako enkargua eta hiru urtero beste sortzaile bati pasauko deutso testigua. 46. edizino honetako garaikurra Sahatsa Jauregi artisteak (Taparica, Brasil, 1984) egin dau. Ezezaguna eta ezagunaren, hurrrekoa eta urrunekoaren arteko hartu-emonetan oinarritutako pieza bat aurkeztu dau Sahatsak: Julio Medem-en Vacas filma be abiapuntutzat hartuta, EZBko urrezko antzarra testuinguru barritu batean jarteko.

Andrezaharraren Manifestua

Mari Luz Estabanek idatzitako Andrezaharraren manifestua zine bilakatuta. Manifestu bat da esanguraz bete nahi dan aldarri bat gai, arlo, eremu batean: hor esanahiak kerratuz doazen eta errealidade barriak isilik ere garrasika hasten dira. Lehiaketaz kanpo emongo dan film honek Mari Luz Esteban antropologoagaz barriketan ibilteko aukerea emongo dau.

Kontuak kontu, aurtengo jaialdiak bidelagun asko izango ditu, baita zenbait sorpresa be. Gogoratu, Euskal Zine Bilerea urriaren 19tik 22ra egingo dala Lekeitioko Ikusgarri zinema-aretoan.

Informazino gehiago www.zinebilera.eus orrialdean. Zatoz eta jarraitu zinearen lorratza!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu