Naia Laso skaterrak bosgarren amaitu dau Munduko Txapelketean
2023-10-09 07:50 KirolaPeio Gonzalez, Egoitz Bijueska eta Gadea Moja final-laurenetan geratu dira.
Naia Lasok bete dau Ostia-Erroman jokatu dan Skate Parkeko Munduko Txapelketarako ezarri eban helburua, izan be, finalerdietan sartzea zan bere asmoa, 2022an Dubain egindako emoitza bardintzeko, baina finalerako sailkapena lortu dau.
Bermeotarrak, Sakura Yosozumi, Hinano Kusaki eta Kokona Hiraki japoniarrak, Minna Stess eta Ruby Lilley estadubatuarrak, Raicca Ventura brasildarra eta Lilly Stoephasius alemaniarra izan ditu arerio finalean.
Lehen txandea amaitzean, Bermeoko skaterra bigarren postuan egoan, baina bigarren saiakeran, munduko izar nagusiek gogor egin dabe. Minna Stess estadubatuarrak 90.80 puntu lortu ditu eta Hinano Kusaki eta Kokona Hiraki japoniarrek 93.20 eta 94.54, hurranez hurran. Naiak orekea galdu dau bere bigarren txandan, 56.65eko puntuazinoaz amaituz. Hirugarren saioan, barriro orekea galdu eta 15.11 puntu lortuta, bosgarren postuan amaitu dau.
Hirakik irabazi dau urrea, Kusakik zidarra, Stessek brontzea eta laugarren postua Raicca Ventura brasildarrarentzat izan da.
Naia Lasok nazinoarteko izarretako bat dala erakutsi dau eta aurrerapauso handia emon dau sailkapen olinpikoari begira. Munduko Txapelketan lortutako bosgarren postuari esker, Naia Lasok 39.168 puntu eskuratu ditu Paris 2024rako plazea lortzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!