'Arnasa Betean. A pulmon' TIFF, Tokyo International Film Festivalen estreinauko dabe

Bizkaie! 2023-10-06 09:55   Zinemea

Urriaren 23an, 27an eta 31n izango dira proiekzinoak.

Rosa Zufia eta Bertha Gaztelumendi | Ikusi handiago | Argazki originala

Filmak Gasteizen eta Donostian parte hartuko dau aste honetan, Euskadiko Filmotekeak atondutako ziklo batean, Bertha Gaztelumendiren eta Rosa Zufiaren film luzea, hogei bat euskal zinemagile protagonista dituana, nazioartean TIFF, Tokyo International Film Festival exzagunean estreinauko da, Donostiako 71. Nazinoarteko Zinemaldian mundu mailan aurkeztu ondoren.

Filmak Etxepare Institutuak, TIFFek, Donostia Zinemaldiak eta Lehendakaritzako Kanpo Hartu-emonetarako Idazkaritza Nagusiak alkarlanean eratutako Euskal Leiho baten barruan parte hartuko dau. Euskal Leiho hau ‘Euskadi - Japan 2023’ programearen barruan dago eta World Focus sailean kokatzen da. Sail horrek munduko zinemearen egungo jokerak islatzen dituen filmak aurkezten ditu. Gaztelumendiren eta Zufiaren filmaz gan, programeak 20.000 especies de abejas, El sueño de la sultana, O corno eta Las buenas compañías barrubatuko ditu. Arnasa Betean. A pulmon Japoniako uriburuko Switch Ginza 2 zinema-aretoan ikusi ahal izango da urriaren 23an; 27an; eta 31n.

Bestalde, Arnasa Betean. A pulmon filmak Euskadiko Filmotekeak urritik abendura bitartean atondutako Euskal Zinemagileak zikloaren hirugarren edizinoa inaugurau dau bart Gasteizen (Artium Museoan); barikuan (hilak 6), Donostian (Tabakalera) ikusi ahal izango da.

2022ko iraila eta abendua bitartean filmau eben Euskal Herriko hainbat herritan (Donibane Lohizune, Pasai Donibane, Elantxobe, Hondarribia, Jaizkibel, Iruñea, besteak beste), Madrilen eta Menorcan. Arnasa betean. A pulmón filmak atzoko eta gaurko euskal emakume-zinemagileek egindako zinean sartzea proponiduten dau: Maria Elorza (A los libros y a las mujeres canto), Maider Oleaga (Muga deitzen da pausoa), Arantxa Echevarria (Carmen y Lola, Chinas), Mireia Gabilondo (Kutsidazu bidea, Ixabel, Amaren eskuak, Erlauntza), Lara Izagirre (Nora, Un otoño sin Berlín), Alauda Ruiz de Azúa (Cinco lobitos), Ana Díez (Todo está oscuro, Ander eta Yul), Esti Urresola (20.000 especies de abejas), Leire Apellaniz (El último verano), Iratxe Fresneda (Tetuán), Helena Taberna (Nagore, La buena nueva, Yoyes), Isabel Herguera (Amore D'Inverno, El sueño de la sultana), Bego Vicario (Pregunta por mí), Izibene Oñederra (Lursaguak), Ana Murugarren (La higuera de los bastardos), Marina Lameiro (Young & Beautiful, Dardara), Arantza Santesteban (918 GAU), Maddi Barber (592 metroz goiti), Maite Ruiz de Austri (El regreso del viento del norte, ¡Qué vecinos tan animales!).

Filmen gaiaren, begiradearen, amesen, aurrera atara beharreko ahaleginen eta, batez be, zinemeari egindako ekarpenaren aurrean gagoz. Bidaia honetan hiru urpekari ditugu gidari: Erea Lopez, Lara Larrañaga eta Ainhoa Incognito. Filmak Pilar Rodriguez Deustuko Unibersidadeko ikertzailearen analisia be jasoten dau eta Ur Joko Elkarteko (Donibane Lohizune) Elorri Arin, Morgane Baud, Ainhoa Etxenik eta Ihintza Urtxegi arraunlariak ditu tartean.

Bertha Gaztelumendik eta Rosa Zufiak idatzia eta zuzendua, Arnasa betean. A Pulmón lanak Ruben Crespo (urpeko filmazinoan espezialistea) dau argazki-zuzendaria. Kim Maiteny, Sonia Uribe, Belen Moreno eta Leire Arzuaga arduratu dira produkzinoaz. Heidi Otaduy eta Ruben Crespo dira kamera-operadore nagusiak eta Wild Focusek eta Asier Torresek gidatu ditue droneak. Maitane Carballo da zuzeneko soinuaren arduraduna; Xanti Salvador, soinu muntaketearen zuzendaria eta Alex Argoitia da irudi-postprodukzinoaren arduraduna. Olatz Salvadorrek eta Borja Antonek musikea sortu dabe. Amaia Merinok muntaketea egin dau eta Ane Antoñanzas da produktore exekutiboa.

Azkenean hasi da emakumeen ahotsa zineman entzuten. Atzoko eta gaurko euskal zinemagileak protagonista dituan dokumental honen gaiaren ikuspegi unibersalari eutsiz, hiru urpekarik itsaspeko bidaia batean barrena eroaten gaitue, emakumeek zuzendutako zinemaren bidez eta hareen filmen gaiak, personaiak, hareen begiradea, amesak, aurrera egiteko ahaleginak eta, batez be, zinemeari eta gizarteari egiten deutsen ekarpena erakusten deuskuez.

Babesleak dira: EiTB, Eusko Jaurlaritzea (Kulturea eta Emakunde), Arabako Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Bizkaiko Foru Aldundia.

Euskaraz eta gaztelaniaz grabauta dago 75 minutuko iraupena dauen filma.

2023ko udagoienean estreinauko da zinema-aretoetan.

Filmeko zuzendariek euren buruari galdetzen deutse: Zelan aldatzen dago zinemea emakumeen begiradearen ekarpenagaz? Zinemea da emakumeak gehien falta izan dituen arteetako bat. Emakumeek egindako zinema ernamuintzen dabilen honetan, zinegileek joandako denporetan egindako lana omendu nahi dogu, hareen oraingo lorpenak ospatu eta hareen etorkizunean hareekaz batera amestu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu