Peio Gonzalez eta Egoitz Bijueska, Ostia-Erromako final-laurenetan
2023-10-05 09:22 KirolaSkate Parkeko Munduko Txapelketean dabiz lehian.
Italiako Ostia herrian jokatzen dan Park modalidadeko Skateko Munduko Txapelketea martxan da. Halanda ze, Euskadiko kirolariek lan ona egin dabe bertan.
Egoitz Bijueska izan da euskaldunen artean lehiatzen lehena. Basque Team Fundazinoak eta Patinajeko Euskal Federazinoak martxan jarritako bikaintasun-proiektuko partaideak, taula gainean erakutsi dau harrotasuna, 12 urte besterik ez dituan arren. Bilbotarrak 66.42ko puntuazinoa lortu dau lehen saiakeran eta 46.15ekoa bigarrenean.
Egoitzek amaierara arte itxaron behar izan dau, kirolari guztiek amaitu arte, sailkatuta egoan ala ez jakiteko. Azkenean lortu dau, 27. postuan amaituz. Guztira 32 skater izango dira finalaurenetan
Irudia: Egoitz Bijueska, Basque Team.
Laugarren txandean, Peio Gonzalez Sopelako skaterra be lehiatu da. Basque Teameko bekadunak lan ona egin dau, eta lehen saiakeran orekea galdu arren, bigarren saioan hobeto ibili da. Lehenengo proban, 48.54ko puntuazinoa emon deutse, eta bigarrenean 69.73. Hortaz, 14. tokian bukatu dau.
Basque Team Fundazinoaren bekea jasoten dauen Alain Kortabitarte izan da lehiatzen azkena. Eguneko seigarren txandan kokatu dabe eta 63.00ko puntuazinoa jaso dau baina ez da izan nahikoa sailkapen nagusiko goiko postuetan sartzeko.
Gaur, hilak 5, neskek hartuko dabe lekukoa Munduko Txapelketan. Gadea Moja eta Hegoa Zabalburu getxoztarrak eguneko lehen txandan lehiatuko dira eta Naia Laso bermeotarra bosgarrenean.
Ostia-Erromako Parkeko Munduko Txapelketea, 2024ko Pariseko Olinpiar Jokoetarako puntuagarria da. Parkeko zein Streeteko modalidadeak lehen aldiz parte hartu eben Tokioko Jokoetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!