Hendaiako Gaztelu Zahar eta Begoñako Garaizarko Matsorriak Bilbon
2023-10-04 09:20 MusikeaUrriaren 7an, arratsaldeko 19:00retan, Atxuriko Enkarnazinoaren eleizan, izango da kontzertua.
Gogoratuko dozuen moduan urriaren 3an, 60. Txikitero Jaia izan zan eta makinatxu bat ekitaldi izan ziran Alde Zaharreko, Atxuriko eta San Frantziskoko kaleetan. Horren harian, urriaren 7an, arratsaldeko 19:00retan, Atxuriko Enkarnazinoaren eleizan, kontzertu korala eskainiko dabe Begoñako Garaizarko Matsorriak eta Hendaiako Gaztelu Zahar abesbatzek.
Bagilak 11 egun nagusia izango da eta horregaitik txikitero artean, egongo diran jarduetara etorteko konbita egiten jatzue:
Goizeko 11:30ean, Portal de Zamudiotik La Bolsa eraikinera arteko txakolin-kalejirea hasiko da.
Eguerdiko 12:00etan, Begoñako Amatxuren irudia ikusten dan Bilboko leku bakarretik, Burtsa Udaltegiaren kanpoaldean, lehenengo txakolina edan eta tradizinoari eutsiz, Begoñako Amatxuri lore eskaintzea egingo jako, txapela jantzita eta lora eskutadea ahaztu barik, Txikiteroen Salbeari (20:00) ekinez.
Hendaiako Gaztelu Zahar
Gaztelu Zahar ahots baxuko abesbatza, 1945ean sortua, Ipar Euskal Herriko gizon- abesbatzarik zaharrena da. Izena, Hondarribiaren parean dagoan Hendaiako gaztelu zaharretik hartzen dau, joaneko burruka baten gomutea.
Bigarren mundu-gerrea amaitu ondoren, gizon batzuk batu ziran, bizi-egarriz eta, joaneko penak ahaztu guran, abesten hasi ziran, horreenorien artean, Espainiako gerra zibilean iges egin eben Hegoaldeko errefuxiatuak.
Hogeita hamazortzi koralista dagoz taldean eta tradizinoari eutsiz, euskal musikagileen doinu herrikoiak, obra erlijiosoak eta profanoak interpretetan ditue. Hirurogeita hamazortzi urteotan, abesbatza bere errepertorioa zabalduz joan da euskal musika koralaren klasiko handiakaz eta egile garaikideen sorkuntza barriakaz. Gainera, munduko beste kultura batzuetako errepertorioetara zabaldu da taldea.
2018tik, Robert Estagnan da zuzendaria.
Begoñako Garaizarko Matsorriak
Garaizarko Matsorriak abesbatzak 36 urte bete ditu aurten. 1987ko martxoaren 26an Begoñako Errepublika zaharreko “Garaizar” auzoan sortu zen, José Luis Etxebarria “Txelu”ren eskutik eta zuzendaritzapean. Errepertorio zabala dute: euskal fokloretik aukeratutako kantak, “bilbainadak”, musika erlijiosoa eta nazinoarteko abestiak.
Urtean zehar hainbat kontzertuetan parte hartzen dute « matsorriek ». Kaleko animazioan, auzoko jaietan, txikiteo koralean, gabonetan oles egiten, Santa Agedako koplak kantatzen, ospakizunetan, Begoñako astean, Bizkaiko udaberriko emanaldietan etabarretan ihardutea maite dute.
Euskal Herritik kanpo be ibilten dira: Catalunyan, Frantzian, Suedian, Italian, eta Espainiako hainbat lekutan ibili dira kantari.
2022ko zemenditik Iker Herrero Barrenkua da zuzendaria.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!