Zinemaldian estreinautako 'Arnasa betean' (2023) lanak emongo deutso hasierea programazinoari

Bizkaie! 2023-10-04 08:29   Zinemea

Euskal Emakume Zinemagileak urriaren 5etik abenduaren 22ra.

Euskadiko Filmategiak Euskal Emakume Zinemagileak zikloaren hirugarren edizinoagaz ekingo deutso ikasturteari eta hamar film proiektauko ditu Gasteizen (Artium Museoa) eta Donostian (Tabakalera) urria eta abendua bitartean. Bilboko Arte Ederren Museoko proiekzinoak bertan behera geratuko dira aldi baterako, Bizkaiko pinakotekako barritze lanak dirala eta. 70eko hamarkadearen hasieran jaiotako emakumeek egindako euskal zinemearen historian barrena eginiko errepasoaren helburua zuzendari horreen talentua eta lanak nabarmentzea da. Egileek eurek aurkeztuko ditue beren lanak ia proiekzino guztietan.

Zinemaldian estreinautako Arnasa betean (2023) lanak emongo deutso hasierea programazinoari (Urriaren 6an, arratsaldeko 19:00retan, Tabakaleran). Bertha Gaztelumendi eta Rosa Zufiak zuzendutako dokumentalak emakumeek egindako zinemearen joanari eta orainari buruzko ikuspegi panoramikoa eskaintzen dau. El sueño de la sultana (2023), Isabel Hergueraren lehen film luzea, Donostia Zinemaldiaren 71. edizioko Sail Ofizialean lehiatutako animazinoko zinta ederra da, benetako gozamena.

Era berean, Matrioskas. Las niñas de la guerra (Helena Bengoetxea, 2021) filmak gerrako ume izan ziran emakume batzuen erretratu benetan bihozbera eta bizitzaz beterikoa erakutsiko deusku. Bestalde, Estela Ilárraz Madrilen bizitza hobe baten bila dabizen ekuadortarrak gogorarazoko deuskuz Proxima estación (2007) lanean. Horrezaz gan, Jone Karresek begirada bardintasunaren aldeko burrukan jartea propobiduko deusku Hondarribia eta Irungo jaiak aztergai dituan Alardearen seme-alabak (Eneko Olasagastigaz batera zuzendua) lanean.

My Way Out-ek (Izaskun Arandia, 2022) Londresera eroango gaitu dokumentalari izena emoten deutson aretoaren 30. urteurrena ospatzeko. Lokal haretan, hain zuzen, uriko trans komunidadeak babestu eta askatasunez adierazoteko aukerea izan eban. Iurre Telleria eta Enara Goikoetxea Comète sareak Bigarren Mundu Gerran egindako lanera hurreratuko dira Azken bidaia (2011) luzean. Eta Pelota II (2015) filman, Olatz Gonzalez de Abrisketa zinemagile eta antropologoak (Jørgen Leth danimarkarragaz batera) pelota partiduetako materialaren aukeraketan jarriko dau arretea, kirolaren zati zinez ezezaguna.

Azkenik, Euskal Emakume Zinemagileak III zikloari amaierea emoteko, Irrintziaren oihartzunak (Iratxe Fresneda, 2016) filma eskainiko da; lanak Mirentxu Loyarte, euskal zinemearen aitzindarietako bat, aldarrikatzea dau helburu. Bestalde, Leire Apellanizek udako zinemetako azken abenturazaleetako bati buruzko gorabeherak kontauko deuskuz El último verano (2016) filman.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu