Bilbo, triatloiaren erdigune

Bizkaie! 2023-09-25 13:00   Kirola

Irailaren 30ean, zapatuan, Triatloi Txapelketearen 12. edizinoa egingo da.

Irailaren 30ean, zapatuan, Triatloi Txapelketearen 12. edizinoa egingo da Bilbon: Orain hamarkada bat baino gehiago, triatletak ikusi ziran Nerbioi itsasadarrean lehengoz, uriaren erdigunean. 10 edizino baino gehiago joan dira ordutik eta kirolak bizi izan dauen une bakotxera egokitu behar izan da.

Aurkezpen ekitaldia Xabier Ochandiano, Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Enplegu eta Turismoko zinegotziak egin dau. Horrezaz gan, Carlos Sergio Achotegui, Bizkaiko Foru Aldundiako ordezkaria eta Alberto Larrucea eta Yolanda Reyes, Innevento Sports taldekoak izan dira.

Gaur egun, Bilbao Triathlon Estaduko erreferentziazko ekitaldi bihurtu da (Espainiako Txapelketea 2020an eta 2021ean) eta nazinoartean harrera handia dau (Europako Txapelketearen egoitza izan zen 2022an). Edizino barri hau baliotsua da Distantzia Ertaineko Espainiako Koparako eta, haren arduradunek adierazo dabenez, Aquabike modalidadeari eusten deutso eta, horri esker, Kopa hori eskuratzeko lehiatzen diran Estaduko eta Euskadiko kirolari onenetako batzuek geure triatloian parte hartuko dabe.

Ibilbidea itsasadarretik igaroten da, probearen eta uriaren nortasun ikurra, ugerketearen eta oinezko lasterketearen ataletan, horrek kirolarien, bisitarien eta herritarren arteko loturea indartzen dau, publikoaren jarraipena nahiz komunikabideen bidezko estaldura oso gertukoak bihurtuz.

Urteera

Arratsaldeko 15:00etan izango da, Ramon de la Sota kaitik, Itsasmuseum Bilbao-ren parean. Ugerketeagaz hasiko da, gizonezkoen kategorian eta gero emakumezkoen kategorian, bata bestearen atzetik. Ondoren edade taldeak eta Aquabike hasiko dira, 10 minutuan. 1.900 metroko joan-etorriko ibilbidea egingo dabe, gero kaira itzuli eta bizikletea hartuko dabe.

Bizikletearen atalean, barria dan ibilbide baten alde egin da, uritik lehenago urtetako eta jentearentzat eragozpen gitxiago sortu nahian. Museoaren zabalguneko eremu neuralgikotik, Euskalduna zubitik, Deustutik eta San Inaziotik pasauko dira, eta Elorrietako erriberatik urten. Handik, Txorierri zeharkatuko dabe, Larrabetzuraino. Bertan, beste edizino batzuetako ibilbidera bueltauko dira: Morgako gainetik, Mungialdetik, Butroetik eta Urdulizeraino. Handik, Unbeko gaina igoko dabe, gero Erandiotik jarraituz, Elorrietako erriberara helduko dira. Ondoren, Bilbon sartu eta barriro be Itsas Museoaren zabalgunera bueltauko dira. Horixe izango da Aquabike modalidadeko helmugea.

Helmugea

Bilbo 300 triatletaren esanetara egongo da barriro be. Parte-hartzaileak itsasadarraren pasealekuan zehar egongo dira, ezkerraldetik, itsasadarraren ondo-ondotik. Itsas Museoaren zabalgunetik udaletxeko zubiraino helduko dira. Bost 5 bira emongo deutse, 21 kilometro eginez eta kaiari begira sartuko dira helmugara.

Triatleten harrerea Bilboko Itsasmuseoan egingo da barikutik aurrera, 18:30etik 20:30era.

Zapatuan, hilak 30, goizeko 10:00etatik 12:30era, barriro edegiko da idazkaritza teknikoa, dorsalak entregetako, materiala jasoteko eta boxak edegiteko, 15:00etako urteerea egin arte, itsasgoran. Kalkuletan dabe lehenengo gizonezko txirrindularia 17:20ak aldera itzuliko dala bizikleta-ibilbidetik eta helmugara 18:30-18:40 bitartean sartuko dala. Lehenengo emakumearen kasuan, helmugara goizenez 19:00retan heltzea espero da.

Bilbao Triathlonek Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesaz gan, El Corte Inglés, Rural Kutxa eta Mercedes Aguinaga enpresen laguntza jasoten dau.

Atontzaileen esanetan, espero dogu zapatuan, hilak 30, baldintza egokiak egotea parte-hartzaileek esperientzia polita bizi eta marka onak lortu deiezan. Horrek bultzada bikaina emongo deutso Bilbao Triathloari, Bilborentzat eta Bizkaiarentzat inpaktu sozial eta ekonomiko positiboa bihurtuz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu