Zapatu honetan, irailaren 23an, Zeanurik X. Gorbeia Suzien hartuko dau
2023-09-22 13:35 KirolaGorbeia Suzien Merrell 2023 Skyrunner World Seriesetako Premier lasterketea izango da.
BBK Salan egin da gaur goizean Gorbeia Suzien Merrell lasterketearen hamargarren edizinoaren aurkezpena. Aurtengoa ISF-k, Nazinoarteko Skyrunning Federazinoak, atontzen dauen Munduko Kopako azken Premier probea izango da, hori dala eta Gorbeiako aldatzak puntu erabagigarriak izango dira gizonezkoetan eta emakumezkoetan Munduko Kopea irabazi nahi daben korrikalarien artean.
Zirkuitua apirilean hasi zan Calamorro Skyrace lasterketeagaz eta Frantzian, Austrian, Portugalen, Kanadan, Perun, Suitzan eta Italian lehiatu ondoren, dana jokoan dagoala helduko da Zeanurira.
Skyrace 32K. Skyrunning Munduko Kopako Premier lasterketea
Bai gizonezkoen sailkapena bai emakumezkoena oso estu heldu dira Gorbeia Suzien Merrel 2023ra. Gizonezkoetan Antonio Martinez da liderra 270 puntugaz eta ondoren Frederic Tranchand eta Manuel Merillas dagoz sailkatuta bigarren eta hirugarren postuetan, 240 puntugaz bardinduta. Hiru korrikalariak aurrez aurre izango dira Gorbeiako aldatzetan.
Emakumezkoetan Iris Pessey da liderra 260 puntugaz eta Zeanuriko urtekeran Marcela Vasinova izango dau arerio nagusi. Txekiarrak 228 puntu pilatu ditu orain arte eta lehen postua kentzeko asmoz dator.
Urriaren 28an Limonen egingo dan munduko txapelketako finala irabazteko lehian dabizen korrikalariak goizeko 9:00etan urtengo dabe Zeanuriko Plazatik. San Justoko ermitan gora egin ondoren Gorbeiako parke naturalean sartuko dira. Aldatz gogorrak izango ditue hasierako tarte horretan. Malkar horreek gainditu eta Zanburura helduta, Lekanda ingurura joko dabe ahalik eta biderik zuzen eta bizkorrena hartuz. Inguru harritsu honetara heldu baino lehenago Arrabako zelaietarantz joko dabe. Arraba osteko gailurretik Zastegiko eremura helduko dira eta hortik joango dira Gorbeiako tontorrera. Ondoren, Azero ingurura bajauko dira, bertatik, azken igoera gogorrari helduko deutselarik. Han izango dabe zain Aldamin. Amaitzeko, beherantz egingo dabe Zeanuriko helmugarantz, tartean igoera labur pare bati aurre egin ondoren.
Danetara, 32 kilometro eta 2.400 metroko desnibel positiboa dau Skyrace lasterketak.
21K
21 kilometroko lasterketeak 1.200 metro desnibel positiboa izango dau eta hau be herrigunean hasiko da: San Justo ermitan Gorbeiako Parke Naturalean sartuko da lasterketea eta hor topauko ditue aldatzik gogorrenak. Behin tarte hori pasau eta Zanburura heldu ostean, zuzenean Lekanda tontorrerantz joko dabe korrikalariek. Bertara heldu baino lehen ezkerretara hartuko dabe Arrabako landa berdeetara. Handik Egiriñaorantz jo eta lasterketea Gorbeiara igoteko ohiko bidetik eta bidegurutzean Aldaminapeko bidea hartuta Lanbreabe auzora bajauko dira lasterkariak. Azken igoera labur batek San Juan ermitara eroango gaitu barriro Zeanurira heldu aurretik.
200 parte-hartzaileek 11:00etan ekingo deutse bi lasterketen abiapuntu berean.
Boluntarioak
Urte honeetan lortutakoa ezinezkoa izango litzateke erakunde eta babesleen inplikazinorik barik eta dauen guztia emoten dauen Zeanuri lako herri baten ahaleginik barik. Lasterketeak 300 boluntario inguru ditu eta lan handia egiten dabe eta horregaitik, eskerrak emon gura deutsuegu lasterketearen egunean, aurreko egunetan eta ondorengoetan Gorbeia Suzien aurrera atarateko egiten duten ahaleginagatik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!