Imanol Arregi Zubizarreta Iturbide pandero-jole azpeitiarra hil da
2023-09-14 07:50 MusikeaIrailaren 13an hil da.
1935eko abenduaren 29an jaio zan Azpeitiko Iturbide baserrian. Pandero-jole tradizino handiko familian jaioa izanik, berak inoanez, oinordetzaz jatort panderoa jotearena; plazaz plaza izen handiko soinu-joleakaz ibili zan Euskal Herrian eta atzerrian.
Holan dino Amagoia Gurrutxaga Urangak, Amagoia Ibanek, Euskal Herriko Trikixa Elkarteak argitaratutako Iturbide, igitai jolea liburuan: Urrestillan jentaurrean lehenengoz jo eta gero, igitaiagaz jarduten neban arbi sororako bidean, jai giroko piezea buruan neuala. Horrek ez dauka, baina, ezelako meriturik. Igitaiak oso terreno txikia eukan eta leitekeana da nire pandero joteak, tarte txikian soinu ugari atarateko gaitasunak, zerikusia izatea horregaz. Nik, izan be, ez dot mobimentua eskumuturragaz egiten atzamarrakaz baino.
Eta haize pixak sartu jatazanez, hurrengo, Nuarbeko Trinidade jaietara joan nintzan. Osintxuar bat joaten zan hara piano soinuagaz, Periko eban izena eta, igitaiagaz probak egin ondoren, hurreratu nintzan. Soinujoleek beti eroaten eben pandero bat lagun egiteko besterik ez bada eta han be eskaini eustien. Nik jo egin neban.
Hainbat Trikitixa Txapelketetan parte hartu eban, 1974ean eta 1975ean eta 1977an, Iñaki Garmendia Lajagaz batera hiru txapelketa irabazi zitualarik. 1985ean, barriz, Miren Etxaniz hernaniarragaz batera aurkeztuta irabazi eban txapela.
Disko batzuetan be parte hartu eban eta, bitxikeria legez, lehen grabaketea Enrike Zelaia soinu-joleagaz egin eban 1972an, Euskalerriko Erromeria izenagaz. Hortik aurrera Trikitilariak izeneko diskoan parte hartu eban Laja-gaz batera, edo eta Urrestillako Trikitixa izeneko diskoa Antonio Aranaga Auntxa soinu-joleagaz.
Joan dan mendeko 70eko hamarraldian aparteko garrantzia hartu eban Iturbidek, aitatutakoez gan, Amagoiak berak liburuan dinoanez, trikitilarien managerra be izan zan; Iturbide hasi zan behetik kobretako jokera hori aldatzen, Landakandaren esanetan: Trikitilariak artista ginela esaten hasi zan ha, hola nabarmentzen eban Sakabik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!