Euskadik Tourreko Urtekera Handiaren erreleboa emon deutso Florentziari

Bizkaie! 2023-07-24 08:45   Kirola

Trophy Tour garaikurra Dario Nardella Florentziako Alkateak jaso dau.

Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak Trophy Tour garaikurra emon deutso Dario Nardella Florentziako Alkateari, Frantziako Tourraren 2024ko Grand Départa Florentzia Emilia - Romañan hasiko baita.

Tradizionala da Pariseko Eliseo Zelaietan lasterketea amaitu ondoren, hurrengo egoitzeak lekukotza hori irudikatzen dauen garaikurra hartzea eta, beraz, 2023ko Tourra amaitu ondoren, Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak erreleboaren ikurra Dario Nardella Florentziako Alkateari pasau deutso, izan be, 2024 urteko Tourreko Grand Départ Florentzia Emilia-Romañan izango da.

Parisen, Juan Mari Aburtorekin batera, hainbat agintari izan dira, besteak beste, Xabier Ochandiano, Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enplegu Saileko zinegotzia eta Iker Goiria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendaria. Euskal txirrindularitzeak indar berezia izan dau aurtengo Tourrean, baita kirol mailan be, Pello Bilbaok eta Ion Izagirrek lortutako garaipen ikusgarriei esker.

2023ko Frantziko Tourreko podiuma:

1.- Jonas Vingegaaard.

2.- Tadej Pogacar.

3.- Adam Yates.

2023ko Grand Départ Pays Basque jarduereak Euskadik mundu mailako kirol-ekitaldiak arrakastaz hartu eta atontzeko dauen gaitasuna balioesteko eta berresteko balio izan dau, baita euskal herritarrek kirol-ekitaldi handietan erakusten daben pasino eta inplikazinoa agirian ixteko be:

Lehenengo kalkuluen arabera, miloe bat persona inguruk urten eben kalera Tourraren Euskadiko Urtekera Handiaren asteaz gozetako. Hiru etapek 840.000 lagun inguru batu zituen eta horreei gehitu behar jakez taldeen aurkezpenaz gozau eben beste 30.000 persona eta Fan Parkean ibili ziran beste 106.300 lagun.

Euskadiko Tourraren Urtekera Handiaren hiru etapak atondu dituen euskal erakundeek (Eusko Jaurlaritza, hiru Foru Aldundiak eta EAEko hiru uriburuak) proiektu handi hau balantze positiboagaz eta zaleei eta, oro har, historian leku berezia izango daben egun horreetan Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan tropela jai giroan animetan buru-belarri ibilitako herritarrei, eskerrak emoteko mezua zabaldu dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu