Jazzinema zikloa garagarrilean

Bizkaie! 2023-07-05 08:54   Zinemea

Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Donibane Lohizunen izango dira proiekzinoak.

Denporaldia amaitzeko, Jazzinema dakar Euskadiko Filmategiak garagarrilean, zinemea eta musikea buztartzen dituan zikloa, izan be, urtearen sasoi honetan Euskal Herrian egoten diran jazz jaialdiakaz bat eginez, genero horri begiratuko deutse pelikulen bidez. Hain zuzen be, lau film proiektauko ditue Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Donibane Lohizunen.

Jazzineman programautako lehenenengo filma Soul (Pete Docter eta Kemp Powers, 2020) izango da (garagarrilaren 6, 7 eta 20ean). Bertan, Trent Reznor eta Atticus Ross musikarien lanak agiri dira. Gasteizko eta Iruñeako emonaldiak Joxe Fernandez-ek aurkeztuko ditu eta Donostian, barriz, Miguel Martínez-egaz batera.

2022an Alain Gomisek zuzendutako Rewind & Play filma izango da hurrengoa, garagarrilaren 13, 14 eta 27an. Jazzeko pianojole baten ibilerak kontetan ditu, Thelonious Monk-enak hain zuzen be.

Zikloko hirugarrena, Young Man With a Horn (Michael Curtiz, 1950), Estadu Batuetako film klasiko handia (garagarrilaren 20, 21 eta abuztuaren 3an) . Bigarren eskuko tronpeta bategaz eta ilusino handiz, blues-musikari gazte bikain baten istorioa da, haren obsesinoak eta talentuak ikustarazoten dituana.

Blue Giant (Yuzuru Tachikawa, 2023) pelikuleak emongo deutso amaierea Donosti, Gasteiz eta Iruñeako Jazzinemeari, garagarrilaren 27 eta 28an eta abuztuaren 10ean). Miguel Martínek eta Alberto Ibarrondok aurkeztuko ditue saiook, Gasteizen eta Donostian.

Donostiako Tabakaleran eta Gasteizko Artium Museoan izango dira proiekzinoak, 19:00etan; baita Iruñeako Golem aretoan be, 20:00etan.

Donibane Lohitzunen barriro, lau film proiektauko dira; Bird (Clint Eastwood, 1988), garagarrilaren 3an; Autuor de Minuit (Bertrand Tavernier, 1986), garagarrilaren 10ean; Rewind & Play (Alain Gomis, 2022), garagarrilaren 17an; eta La Femme Aux Chimères (Michael Curtiz, 1950) garagarrilaren 24an izango da.

Jazzinema amaitzen danean, oporrak hartuko ditu Euskadiko Filmategiak, udagoienera arte. Euskal Emakume Zinemagileak-en hirugarren zikloa izango da hurrengoa, urrian.

Programazino osoa eta egutegia, hemen. Sarrerak hemen; Tabakalera, Gasteizko Artium Museoa, Iruñeako Golem Aretoa eta Donibane Lohitzune.


Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu