Deiadar Mendien Eguna urriaren 7an ospatuko da
2023-07-03 10:18 KirolaUrriko lehenengo zapatuan izango da, Kolitza mendiaren tontorrean.
Elezaharrak kontetan dauenez, Gernikan egiten ziran bileren deialdia iragarteko adarraren soinua barriro entzungo da Kolitzan urriaren 7an, zapatuan, Deiadar Mendien XVIII. edizinora batzen diran personak orientetako. Enkarterriko tontorrik enblematikoenean egingo da, urtero Bizkaiko bost deiadar tontorretako (Kolitza, Ganekogorta, Gorbeia, Sollube eta Oiz) batetik igaroten dan ospakizuna.
Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak, lurraldeko bost mendi taldegaz lankidetzan atondu dabe hitzordua: Balmaseda Mendi Taldea (talde anfitrioia), Gailurra (Bilbo), Ganzabal (Lemoa), Sollube 707 (Bermeo) eta Alpino Tabira (Durango). Parte-hartzaileak Kolitza tontorrera igongo dira, eguerdiko 12:00etan adarrak joteko tradizinoa zintzo beteteko asmoz. Balmasedako udaletxeko plazan ekingo deutse.
Aurton, baseleizearen ondoan adarren soinua entzun eta gero, atontzaileek jai-gune txiki bat egokituko dabe tontorretik metro gitxira dagoan aterpean, musikea, jantza tradizionalak eta igoerea egiten dauenarentzako aperitiboa buztartuz. Jai giro horretan, eta tradizinoak agintzen dauen lez, 2023ko kirol igoeraz arduratuko dan Balmaseda Mendi Taldeak lekukoa emongo deutso Bermeoko Sollube 707 klubeko ordezkariari, deiadar mendietako igoeren zikloagaz jarraituz 2024an Sollubeko igoerea atonduko dauen alkarteari.
Deiadar Mendien Eguna martxa klasiko bihurtu da daborduko mendizaleen eta euskal tradizinoen artean. Pandemiaren ondoriozko urte biko etenaren ostean Gorbeian egin zan azkenengo edizinoan, eguraldi txarra egon arren, ehundaka persona joan ziran deialdira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!