9 taldek Amorebieta-Etxanoko kaleak hartuko ditue bagilaren 23, 24 eta 25ean

Bizkaie! 2023-06-23 08:07   Musikea

XVI. Haizetara Kaleko Nazinoarteko Musika Jaialdia hemen da.

XVI. Haizetara Jaialdian, aurten be 12 nazionalidadetako 53 taldek aurkeztu dabe hautagaitzea parte hartzeko: Frantziak, Belgikak, Portugalek, Herbehereek, Argentinak, Beninek, Alemaniak, Italiak, Erresuma Batuak, Mexikok, Serbiak eta Espainiak. Estaduari jagokonez, 11 probintziatako hautagaitzak jaso ditue: Madril, Bartzelona, Nafarroa, Bizkaia, Almeria, Palentzia, Zaragoza, Murtzia, Pontevedra, Segovia eta Araba.

Kontuak kontu, 9 taldek parte hartuko dabe, bertokoak eta kanpokoak eta hilaren 23an, aurkeztuko ditue, 19:00etan, Zelaieta Parkean. Talde bakotxak 4 kontzertu eskainiko ditu herriko hainbat lekutan. Era berean, hamaseigarren edizio honetan parte hartuko daben bederatzi taldeen ezaugarriei jagokenez, Madrildik datorren Bulbalkan taldeak sei emakumeren indarra erakusten dau oholtza gainean, espazioa kantu balkaniar adierazgarrienakaz eta konposizio propioakaz betez.

Bestalde, Back Chat Brass taldea Erresuma Batutik helduko da Amorebieta-Etxanora.

Gasteiztarrak dira Dirty Dürüm Brass Band. New Orleanseko kale-erritmoakaz, jazza eta hainbat uri-estilo buztartzen ditue.

Gata Brass Band Beatbox & Brass, barriz, Almeriatik helduko da Amorebieta-Etxanora. Gata Brass Bandek funkaren unibertso erritmiko aberatsean sartzen ditu entzuleak bere jatorrizko konposizinoen bidez, haizezko instrumentuen sonoridade indartsuaren, ahotsen eta beatboxen benetako soinuen bitartez.

Jazz Hunters, Zaragozako taldea be ez dogu ahaztuko. Banda basatia. Kaleko klasikoak eta zitalak eskaintzen ditue.

Beninetik etorrita Amorebieta-Etxanon izango da Harmony’s Brass Band, 2016tik agertokietan joten dabilen Beningo zazpi musikari gaztez osotutako taldea.

Franfare Jukepop Belgika eta Frantziako taldeak be parte hartuko dau Haizetara jaialdiaren hamaseigarren edizino honetan. Banda estrafalarioa, metalezko haizez, zurezko haizeez eta sekzino erritmiko batez osotua.

Frantziako La Saugrenue taldea be geure artean izango da. Kaleko musikan eskarmentu handiko 7 musikari honeek rock ‘n’ poparen bersino original eta jasanezinen zerbitzura jarten ditue energia, talentu eta sustrai musikal eklektikoak.

Azkenik, Mexikotik etorrita, Renniw Brass Band be Amorebieta-Etxanon izango da. Renniw Brass Band mexikarra izateaz harro dagoen taldea da.

Hiru sari

Kaleko Fanfarreen, Banden eta Musikearen Nazinoarteko Lehiaketan parte hartzen daben taldeek lehiaketako hiru sarietako bat irabaztea izango dabe helburu. Amorebieta-Etxanoko Udalak izentautako epaimahaiak aukeratuko ditu sarietako bi: 10.000 euroko Banda Onenaren saria eta 1.000 euroko Instrumentista Onenaren saria. Edizino honek hirugarren sari bat be izango du: zornotzarrek zein egunotan Amorebieta-Etxanora hurreratuko diranek euren banda irabazlearen aldeko botoa emon ahal izango dabe www.haizetara.eus webgunearen bitartez, bagilaren 23ko arratsaldeko 19:30etik bagilaren 24ko 24:00ak arte; talde irabazleak 4.000 euroko saria jasoko dau.

Banda konbidaduak

Aitatutako taldeez gan, hiru talde konbidau ditue: Dead Puppet Orchestra taldea, Granadako Pisando Fuerte txarangea eta La Kermes del Vermú talde zornotzarra, Unai Laso akordeoi diatoniko joleak, Aitor Ipiñazar tronboi-joleak, Unai Celaya biolin-joleak, Fran Lasuen biolin, perkusino-jole eta abeslariak eta Sandra Fdez.de Aguirre aktore, abeslari eta zelisteak.

Bestelako jarduerak

Lehiaketearen esparruan parte hartuko daben taldeek eta konbidautako taldeek eskainiko dituen kale-kontzertuez gan, umeei zuzendutako soinu-instalazino interaktibo birziklautako bat egongo da, musika-egituren soinu-aukerakaz esperimentau deien. Turukutupa musika eta antzerki talde gasteiztarrakk, Víctor García de la Torrek eta Sergio López de Landachek 2006an sortuak, bere kezkak birziklatzea dau helburu, hondakinak balioan jarten dituen soinu eta plastiko artisten kolektibo bat sortuz, ingurumen kontzientziazino proiektu baterako baliabide legez. Aitatutako instalazinoa Zelaieta parkean kokatuko da zapatuan 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:00etara.

Musikatik harago, hiru gune gastronomiko be egongo dira: garagardaotegi bat Zubiondo Parkean, euskal taberna bat Gernika plazan eta ZST Zornotza Saskibaloi Taldearen txosnea Zelaieta parkean.

Azken buruan, Fonoeskultura erakusketea be zabalik egongo da bagilaren 30era arte.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu