EIO Txikia - Euskadiko Ikasleen Orkestrea martxan
2023-06-22 13:01 Musikea9 eta 14 urtera arteko ikasleak prest dagoz Bilbon, Gasteizen eta Donostian joteko.
Euskadiko Ikasleen Orkestreak apirilean, Aste Santuko oporretan, eskaini zituan kontzertuen erantzun bikainaren ondoren, EIO Txikiaren txandea da orain, udako oporrak hasi barritan. 9 eta 14 urte bitarteko ikasleen orkestra gaztea prest dago.
Ikasturtea amaituta, EIO Txikia proiektuan parte hartzeko audizinoak eta probetan aukeratutako 100 gaztetxuek astebeteko egonaldia egingo dabe bagilaren 24tik garagarrilaren 1era arte, EHUren M. Unamuno Ikastetxe Nagusian, Bilbon. Bertan egingo ditue saioak edo entseguak, goiz eta arratsaldez, datozen egunetan Bilbon, Gasteizen eta Donostian eskainiko dituen kontzertuak atontzeko. EIO Txikia osotzeko aurtengo hautaketa prozesua arrakastatsua izan da erabat eta sekula baino parte-hartze handiagoa izan du. Izan ere, 9 eta 14 urte bitarteko 300 ikasletik gora aurkeztu ziran zezeilean Bilbo, Donostia eta Gasteizko konserbatorioetan egindako probetara eta horreetatik 100 hautatu zituen.
Era horretan, musika tresnak finduta eta prest ditue dagoeneko eta ehun musikari gazteak gogor dabiz entseguetan. Irakasle izango ditue datozen egun honeetan Musikeneko, Bilboko Orkestra Sinfonikoko eta Euskadiko Orkestrako hainbat kide. Aurten hautatutako obrak ikasita dituenean, egin daben lan guztiaren emoitzea kontzertuetan eskainiko dabe: Bagilaren 29an, Bilboko Juan Crisostomo Arriaga konserbatorioan; 30ean, Gasteizko Jesus Guridi konserbatorioan; eta garagarrilaren 1ean Musikeneren egoitzan, Donostian.
Aurten be, azken 30 urteetan Euskadin bizilekua dauen Raffaela Acella musika zuzendari australiar handiaren esanetara ibiliko dira gaztetxoak, honako lan honeek eskainiz kontzertuetan: Georges Bizeten Carmen, Astor Piazzolaren Libertango, eta Alberto Ginasteraren Danza final.
EIO Txikian eskaintzen dituan kontzertuetarako sarrerea doban da, lekuak bete arte.
EIO, Euskadiko Ikasleen Orkestra
Euskadiko Ikasleen Orkestrea (EIO) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatzen dauen hezkuntza-proiektu musikala da. Hainbat espezialidadetan musika ikasketak egiten dabizen ikasleen topagunea da EIO, alkarregaz orkestra bat osotuz.
Etorkizuneko euskal musikarien trebakuntza musikalean bidelagun izan nahi dauen ekimen honek, musikea jentaurrean eta orkestra bateko kide lez jo deien plazea eskaintzen deutse ikasle gazteei. EIOren helburu nagusia musika konserbatorioetako eta eskoletako ikasleei heziketa sinfonikoa eta orkestra-heziketea eskaintzea da. Alde batetik, ikasleen motibazinoa piztu nahi dau EIOk, musika ikasketetan jarraitu deien; eta bestetik, konserbatorioetan ikasleek landu ezin izango leukien errepertorio sinfoniko zabala joteko aukerea emoten deutse.
Euskadiko musika irakaskuntza zentroetan ikasten dabizen neska-mutilek osotzen dabe eta edadearen arabera, proiektuak orkestra bi ditu:
- EIO: 15 urtetik 19ra arteko ikasleena, 2005-06 ikasturtean sortua.
- EIO Txikia: 9 urtetik 14ra arteko ikaslez osotua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!