Zientzia eta teknologiari buruzko bideo labur onenak saritu ditue

Andoni Mugica 2023-06-12 08:49   Zinemea

Aurten 80 lan jaso dira, eta parte-hartzaileen artean genero-orekea egon da.

Zientzia eta teknologiari buruzko bideo laburrak eta originalak produzidutea eta zabaltzea dau helburu On Zientzia bideo-lehiaketeak, Elhuyar-ek eta Donostia International Physics Center-ek (DIPC) urtero atontzen daben Teknopolis telebista-saioaren barruan.


Aurten 80 lan jaso dira, eta parte-hartzaileen artean genero-orekea egon da. Euskerazko, gaztelaniazko eta ingelesezko bideoak aurkeztu dira lehiaketara, parte-hartzaileen artean mundu osoko jentea baitago. Lan gehienak Euskal Herrikoak badira be, hainbat bideo jaso dira Poloniatik, Mexikotik edota Indiatik. Aurkeztu diran bideo guztiak ikusgai dagoz hemen.

Dibulgazino bideo onenaren saria (3.000 €) Daniel González Escudero informatika-injineru madrildarrak irabazi dau, Loquita por sus huesos lanagaitik. Epaimahaiaren eretxiz, oso lan originala da, dibulgazinorako ipuin formatua erabilten dabena. Bideoak lortzen dau ikusleak narratzaileagaz eta protagonisteagaz enpatizetea eta animazinoak hainbat baliabidegaz batera erabiliz, ikus-entzunezko pieza sendoa sortu da.

Euskerazko bideo onenaren saria (2.000 €) Ane Ibargoyen Alvarez arkitekto usurbildarrak jaso dau, Mina edo pikantea? lanagaitik. Epaimahaiaren esanetan, estetikoki sinplea dan lana da, baina oso eraginkorra. Irudian kolore gorriak protagonismo handia dauka, eta hori gaiagaz oso lotuta dago. Eguneroko gai bat oso argi azaltzen eta ikuslearengana heltzen primeran asmau dau.

Gazte Saria (1.000 €) Mutiloako (Nafarroa) Luis Amigó ikastetxeko Fermin Martinez Zabalza eta Aitor Ros Bengochea ikasleek jaso dabe  Storytime con mi primo y con Mendel lanagaitik. Publikoaren saria, barriz, Carlos David Macias Santillan eta César Hilario Gómez Fonseca ikasle mexikarren La IA y el arte eta Aimar Luis eta Elene López Donostiako Axular Lizeoko ikasleen Zoriontasunaren zientzia bideoek garaikur bana eskuratu dabe.

Sariak emon ditue Adolfo Morais Ezquerrok, Unibersidade eta Ikerketa sailburuordeak; Jon Abril Olaetxeak, Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak; eta Ricardo Díez Muiñok, DIPCko zuzendariak.

Epaimahaikideei jagokenez, ondokoak izan dira bideo laburrak epaitu dituenak: Marian Iriarte Ormazabal, UPV/EHUko Kimika Fakultadeko dekanoa eta zientzia-dibulgatzailea; Onintze Salazar Perez, Euskalmeteko fisikaria; Sara Hernandez Askasibar, Tabakalerako 2deoko arduraduna; Jon Mattin Matxain Beraza, EHUko ikertzailea eta DIPCeko kidea; eta Nagore Rementeria Argote, Elhuyarreko kidea eta Teknopolis programako zuzendaria.

Saio berezi batean emongo dau Teknopolis telebista-saioak sari-banaketea, bai eta saritutako lanak eta saridunen adierazpenak be. Bagilaren 17an, 13:30ean izango da ikusgai saioa ETB1en eta bagilaren 18an, 13:30ean ETB2n.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu