Angeles Cruz zinegileak jasoko dau Zinegoak 2023 Ohorezko Saria

Bizkaie! 2023-06-06 13:01   Zinemea

Ángeles Cruz Bilbon izango da saria jasoteko, Arriaga Antzokian atonduko dan Inaugurazino Ekitaldian.

Zinegoakek gaur jakinarazo dau zeinek jasoko dauen jaialdiaren aurtengo Ohorezko Saria. 20. urteurren honetan saria Dama erakundeak babestuko dau, egile-eskubideen kudeaketarako erakundeak eta jaialdiaren babesle nagusietakoa izango da. Aurtengo saria Angeles Cruz zuzendari, gidoilari eta aktoreak jasoko dau, Oaxaka eta Mexikoko zinemagintzearen erreferenteetako bat. Igaz Nudo Mixteco haren azken lanak Lesbianismo eta Generoaren saria jaso eban.

Alaitz Arenzana jaialdiko zuzendari artistikoaren eretxiz, haren ahotsak badau zilegitasuna normalean ikusten ez ditugun gaiez jarduteko eta balio zinematografiko ukaezina dauka, beti be diskurso konprometiduaren zerbitzura. Hori dala eta, gure sari gorena emon nahi deutsagu, beraren lan artistikoa eskertzeko eta konpromiso soziala autortzeko.

Angeles Cruz oso hunkituta agertu da autortzeagaz: Besarkada handi hau mundu indigenako komunidadeetatik gatozen personakandik be jasoten dot. Ur tantak baino ez gara, baina ur emaria osotzen dogu, bidea egiten gabizelako komunidadea eginez.

Angeles Cruz

San Miguel el Granden (Oaxaca) jaiotako zinegilea bere inguruagaz konprometidudako sortzailea da. Bere zinemagintzan kostunbrismoari aurre egiten ahalegintzen da landa-eremuko eta komunidade indigenetako errealidadeak irudikatzen dituanean. Ausardia handiz atara ditu argitara komunidade indigenetako istorio ezkutuak. Haren lanen bidez, istorio horreei heltzeko eta eraldatzen hasteko alkarrizketa eta burruka-esparruak sortzen ditu. Alkarrizketa barriei bide emoteko premineak bultzatuta, holako gaiak lantzen ditu, besteak beste, emakumeen kontrako indarkeria, umeen kontrako abusua, matxismoa, marjinalidadea, pobrezia eta sexu-aniztasuna.
 
Oaxacako Miguel Cabrera Heziketa Zentroan jaso eban prestakuntzea eta, gero, Antzezpenean lizentziau zan, Mexikoko Arte Ederren eta Literaturearen Institutu Nazionaleko Antzerki Artearen Eskolan. 1994an ekin eutson aktore-ibilbideari, Åsa Faringer eta Ulf Hultberg zuzendarien La hija del puma filmana eta, handik aurrera, hainbat telesail eta film luzetan parte hartu eban. 2011n, bere istorio propioak idazten eta zuzentzen hasi zan.
 
Angeles Cruzek lehen film laburrean, La tiricia o cómo curar la tristeza (2012), komunidade indigenetako umeen abusuagaz eta emakumeen kontrako indarkeriagaz loturiko istorio ezkutuez jardun eban. Film horri esker, lehenengoz jaso eban Mexikoko industriaren autortzea.
 
Bigarren lana be antzeko kezka bati eutsiz sortu eban. Alkarrizketa batean entzun eban komunidadeetan ez egoala lesbianarik eta, orduan, kamerearen aurrean jarri, eta La carta (2014) zuzendu eban; istorio horretan, bere komunidadera itzultzen da emakume bat, aspaldiko maitale bategaz alkartzeko eta gogora ekarten dau sekula ez ebela izan aukerarik euren hartu-emonak modu edegian biziteko. 
 
Arcángel (2018) lanean, menpekotasuna daben persona ekarri zituan pantailara, biak be baztertuak eta baliabiderik bakoak. Holan, etsi-etsian saiatuko dira euren beharrentzako konponbide bat bilatzen, arbuiatzen eta uxatzen dituan sistema bat aurrez aurre dabela.
 
Lehen lan hareen ondotik, film luze bat egiteko idea mamurtzen hasi zan: Nudo Mixteco (2021), Cruzen opera prima. Haren komunidadean egin eban, oso-osorik, eta normalean modu edegian azaltzen ez diran gaiak jorratzen ditu, besteak beste, umeen kontrako abusua edo komunidade indigenetako hartu-emon lesbikoak. Cruzek bere bigarren Ariel saria irabazi eban film horri esker.

Ángeles Cruz Bilbon izango dogu saria jasoteko, Arriaga Antzokian atonduko dan Inaugurazino Ekitaldian, bagilaren 26an. Bezperan, barriketaldi batean parte hartuko dau Bilborocken, Irantzu Varela kazetariagaz batera eta ostean bere hiru lan ikusteko aukerea egongo da. Horrezaz gan, Zinegoak martxan dagoan bitartean, haren obrak ikusteko ziklo berezia eskainiko dabe BilbaoArten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu