Aukeratu ditue Kimuak 2023 katalogoko zazpi film laburrak

Bizkaie! 2023-06-06 08:05   Zinemea

Zazpi laburretatik hiru emakumezkoek zuzendu eta produzidutakoak dira.

Kimuak programaren 26. edizinoko deialdira aurkeztutako 60 proposamenak aztertu eta gero, zazpi film labur hautatu ditu epaimahaiak Kimuak 2023 katalogorako: La mujer ilustrada (Isabel Herguera), Sorbeltza (Iban del Campo), Prioridades (Tamara Lucarini Cortés), El aprendiz (Raúl Campos), El rey de la semana (David Pérez Sañudo), Deadly Draw (Nitya Lopez Saitua) eta Ximinoa (Itziar Leemans).

Etxepare Euskal Institutuak eta Zineuskadik sustatutako programeak euskal film laburren sustapena eta zabalkundea dau helburua. Urtero legez, euskal film laburren hautaketa hau nazinoarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ekimen garrantzitsuenetara bialduko dira. Aurtengo batzordean honako kideak izan dira: Simon Blondeau – Baionako Cinéma L39, Atalanteko zuzendari laguntzailea eta kultur bitartekaria, Gabarra Filmseko euskal zinema banaketako arduraduna eta Rencontres sur les Docks jaialdiaren atontzailea; Ana Herrera – Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiko ikus-entzunezko proiektu estrategikoen eta proiektu digitalen ataleko burua; Txaro Landa, Bilboko Cineclub FAS-eko zuzendaria; Jaime Manrique, Bogotá-Bogoshorts Film Laburren Jaialdiko eta Black Velvet Laborategien sortzaile eta zuzendaria; eta Alberto Valverde, Bartzelonako D39, Film Lab-eko koordinatzailea eta Edinburgoko CinemaAttic plataformako programatzailea.

Kimuak 2023 katalogoak animazinoa eta fikzinoa jasoten ditu. Hizkuntzei jagokenez, filmetako bat euskera hutsean egin da, beste bat euskeraz eta frantsesez, gaberakoak gaztelaniaz egin dira eta horreetako bik hindia eta bengalierea be erabilten dabe. Aurtengoan katalogoko zazpi lanetatik hiru emakumeek zuzendu eta produzidutakoak dira.

Honako hauek dira Deadly Draw Nitya Lopez Saitua Nitya Lopez Saitua (Ibarrangelu, 1996) zinegilearen lehen film laburraren ganeko zehetasunak: Kamerearen atzean eskarmentu handia badau be, besteak beste, Ane (David Pérez Sañudo), Ilargi guztiak; (Igor Legarreta), El buen patrón (Fernando León de Aranoa), Maixabel (Iciar Bollaín), La fortuna (Alejandro Amenabar) eta Balenciaga (Jose Mari Goenaga, Jon Garaño eta Aitor Arregi) produkzinoetan zuzendaritza sailean lan egin dau. Ganera, film labur, publizidade-iragarki eta bideoklip askotan parte hartu dau, zuzendari laguntzaile lez.

Gidoilari eta zuzendari lanak be egin ditu, 2018an Jesus is B(l)ack izeneko fikzinozko lehen film laburra egin eban eta 2019an Infraganti zuzendu.

2021ean Txoriak txori film laburra zuzendu eban, gaur egun banaketa prozesuan dagoana eta orain arte 15 hautaketa jaso dituana. Deadly draw, La Córnea Digital Bilboko produkzino-etxe sortu barriaren lehen film laburra da.

Usue Alvarez eta Urko Olazabal dira protagonistak zuri-baltzean egindako laburrean. Filmak 50eko hamarkadako zinema baltzaren klasikoak omentzea dau helburu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu