Maider Aldasoro artistearen 'Axila, que robo sobaco' erakusketea Bilbon

Bizkaie! 2023-05-26 13:30   Kulturea

Maiatzaren 27tik bagilaren 18ra egongo da BilbaoArte Fundazinoan.

Axila, que robo sobaco ekintza beraren hiru fase batzen ditu, fikzinozko personaia baten sexu-fantasiaren inguruan. Ibilbidea artikuletan daben bideo-piezak hiru formatutan produzidu dira eta ziklo bat osotzen dabe, barriro hasten dan ekintza bat. Ikus-entzunezko horreekaz batera, ikusleak metalezko eta oihalezko eskulturak topauko ditu ibilbidean, personaiaren izan eitekezan altzari fetitxistak gogorarazoten dituenak, artisteak grabazinoetan erabilteko sortutako jantzi koloretsuez gan.

Hiru bideo-piezetatik lehenak personaia protagonista erakusten dau lehenengo fasean, erakargarritasunarenean. Formatua antzerkikoa da, jantza-filmetatik hur dago eta musikea dau. Preludioa da, sexualidadea konpartiduteko deia eta bakarka egiten dau jantzan, ikuslearen arretea erakarri guran.

Bigarren bideoa formatu analogikoan grabauta dago, gero digitalera eroanda. Azken itxurak 80-90 bitarteko film pornoa gogorarazoten dau, koloreak, alea, zuzendariaren ahotsa eta sortutako agertokia dirala eta. Sexu-ekintzearen fasea da eta personaia protagonisteak dagoeneko topau dau ekintza hori egiteko bateren bat. Pieza honen grabazinoan, Aldasorok egindako janzkerek berebiziko garrantzia hartzen dabe, sexu-ekintza oso modu espezifikoan irudikatzeko egin baitira, diseinuak personaia menperatua poliki-poliki biluztea ahalbidetzen dau, lore bat hostobakotu baleu bezela.

Azken fasea selfie formatuan grabauta dago, mobikorraren bidez konpartiduten diran sexu-argazkien modura. Honetan, protagonistea ikusi daiteke aurreko bideoaren personaiaren azalagaz olgetan. Bideoa lehenengoa hasten dan bezela amaitzen da, personaia kamereari begira dagoala.

Maider Aldasorok Lander Ibarretxe izan dau lagun bideoak grabau eta proiektu honetako argazkiak egiteko; Álvaro Olaetxea bigarren piezan ibili da eta preludioaren musikea egiteko; Andoni Zamora katalogoko testuak egin ditu; eta Andoni de la Cruz (Cuero Negro) katalogoan dagozan ilustrazinoak sortu ditu.

Mexikon jaiotako euskal artisteak Eusko Jaurlaritzearen laguntzakaz ekin eutson proiektuari eta BilbaoArteko bekeari esker landu eta osotu eban. Aldasororen lana BilbaoArtek artistentzako eskaintzen dituan espazio eta programen aprobetxamendu handienaren adibide da, 2021eko laguntza-programan nahiz beken programan parte hartzen baitau 2022. urtean zehar.

Erakusketa aretoa astelehenetik barikura bisitau ahal izango da doban 17:30etik 20:30era; zapatuetan 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 19:30era; eta domeketan 11:00etatik 14:00etara, maiatzaren 27tik bagilaren 18ra.

Zentroaren hurrengo erakusketea zemendian izango da, Bilbao Arte Fundazioaren 25. urteurrenagaz bat eginez eta Abandoibarrako espazio barrian egingo da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu