Julen del Ríok eta Jon Zabalak 'Zesta Punta Guuk Experience' ekimenari ekingo deutse
2023-05-16 10:00 KirolaMaiatzaren 21ean, Durangoko Ezkurdi Jai Alai frontoira eroango dabe ekimena.
Helburua belaunaldi barriei zesta-puntea, xisterea hurreratzea, kirol hau sustatzea eta zaletasuna sortzea da. Goizeko 11:00etan hasiko da eta bertaratzen diranek kirol honen bitxikeria guztiak ezagutuko ditue, koordinazino, tiro eta salto praktikak egingo ditue eta xisterea erabilteko aukerea be izango dabe. Julen del Río puntista gasteiztarra izango da Jon Zabalagaz batera jenteari edegitako master class honetan. Zortzi urtetik gorako guztiek izango dabe parte hartzeko aukerea eta izena emon behar da hemen saio bakotxean lekuak mugatuak baitira.
Jon Zabalak, 2022ko Gernikako Winter Seriesen irabazlea oso ilusionauta dago: Irratian Guuk-en iragarki bat entzun neban, zuntzik azkarrenarena, eta berehala etorri jatan burura zesta-puntearen abiadureagaz lotzeko idea. Hareekaz zeozertxu egin gura neban eta alkarrekin sortu dogu proiektu polit hau, gaur egun zesta-puntea bizitean dagoan susperraldiari gure ekarpentxua egiteko. Odolean daroat kirol hau; beheraldian egon da urteetan, baina, orain, suspertzen dago. Tour honetan, jenteari erakutsi gura deutsat, batez be umeei, zer dan zesta-puntea, zer historia dauen, zelan joten dan pelotea saskiagaz eta zelan entrenetan dogun; eta modu erraz, dibertigarri eta praktikoan egingo dogu parte-hartzaileek ikusi deien zer dan zesta-puntea.
Bestalde, Guuk-eko zuzendari nagusi Juanan Goñik ondokoa nabarmendu dau: Guuk-en sorreran oinarrizkoak dira tradizinoa errespetetea, geurea dan kirolaren aurreko pasinoa, horrexek baitira gure izakerearen ezaugarri nagusiak. Uste dogu balio horreek guztiak batzen dituala Jon Zabalak, puntista bikaina, bai eta zesta-punteak berak be. Gure ustez, ekimen honen bidez eta Jonen irudiaren bidez, lortu geinke gure kulturan hain berezkoa dan kirol hau, zesta-puntea, barriro be puntaren puntan jartea. Horretarako, ostera, gazteenakaz hartu-emonetan jarri behar da, zuzenean transmitidu behar jakez zesta-punteagazko pasinoa, kirol horren historia eta pelotearen abiadurearen edertasuna; holan, harrobia eta zaletasuna sustatuko dira, kirolak aurrera egin daian. Horixe lortu nahi dogu tour honegaz'.
Zezeilaren 26an ekin jakon egitasmoari, Club Deportivo Bilbao frontoian eta Gazteiz, Donostia, Iruñan eta Eibarreko esperientzien ondoren, Durangon be egongo da aukerea, bagilean Gernikan zirkuitoko azkena eskaintzeko.
Jon Zabala Bullet (Bala)
Markina-Xemeinen jaio zan 1988an eta Bullet (bala) deitzen deutse peloteak frontoian hartzen dauen abiadureagaitik. Pelotari profesional baten semea da eta umezaroa Floridan bizi izan eban aita West Palm Beacheko frontoian zesta-puntan jokatzen ikusten. Han euki eban bere lehen saskia eta han hasi zan kirolaz eta kirolaren inguruko kulturaz gozetan. Pelotarien grebearen ondorioz, zesta-puntak kolpe gogorra hartu eban AEBetan eta jaioterrira, Markina-Xemeinera, bueltau behar izan eban. Herriko zesta-puntako eskolan entrenetan hasi zan orduan eta Berriatukoan gero. 19 urtegaz egin eban debuta profesionaletan eta bere amesa AEBetan jokatzea bazan be, Filipinetan sortu jakon profesionaletan lehiatzeko aukerea. Urtebete geroago bueltau zan, 2010ean, kirol-espektatibak beteten ez zirala ikusita. Urte batzuetan profesional izateko eta Ameriketara joateko idea ia alde batera itxita, Floridan, Daniako frontoian jokatzeko aukera sortu jakon. Jaioterrian eukan negozioa zarratu eta hor joan zan. Han, 4 urtez lehiatu zan maila gorenean. Donald Trumpen agintaldia momentu gogorra izan zan etorkinentzat eta ez eutsen bisa onartu. Etxera bueltau behar izan eban. Bisa lortzeko eta Floridan jokatzeko sei hilebetez burrukan ibili ondoren, amesari uko egin eta Markina-Xemeinera bueltau zan.
Orai urte bi, Gernikako Jai Alai Winter Series txapelketea jokatu eta irabazi egin eban eta horrek beste txapelketa batzuetarako ateak edegi eutsozan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!