Cannes, euskal zinemearentzako ezinbesteko hitzordua
2023-05-16 08:36 ZinemeaCanneseko Zinemaldia maiatzaren 16tik 27ra
Gaur hasiko dira nazinoarteko zinemagintzako hitzordu garrantzitsuenetako bi: Cannesko Zinemaldia eta bere industria atala, Marché de Film. Azoka ospetsua maiatzaren 24ra arte egingo da eta euskal ordezkaritzea izango dau barriro hainbat sailetan. Ganera, Frantziako hitzordu parebako horrezaz gozetan hurreratuko diran euskal profesional ugari be bertaratuko dira.
Alde batetik, Sitgeseko Zinemaldiak Carlota Peredak zuzendu eta Bixagu Entertainmentek produzidutako La ermita proiektua aukeratu dau Fantastic 7 atalean parte hartzeko. Sail horretarako, mundu osoko zazpi jaialdi ospetsuk proiektu bana aukeratu dabe, inbertitzaileen, produktoreen, banatzaileen eta nazinoarteko salmenta-agenteen aurrean pitching baten bidez aurkeztuak izateko. Nabarmendu behar da sail honek Alex de la Iglesia zinemagile bilbotarra hautatu dauela edizino honetako aitabitxi.
Bestalde, Zinebi-k film luze dokumentaleko lau proiektu aurkeztuko ditu Cannesen eta hautatutako lanen artean Itoiz_Udako Sesioak dago, Larraitz Zuazo zuzendariaren eta Doxa etxearen pelikulea. Mutrikuko eta Ondarroako bost taldekide zituan talde historikoaren aztarna material guztiak batzen dituan dokumentala da.
Ezin bestela, azken urteetan indarbarritutako euskal animazinoa Marché du Film azokan egongo da eta bertan parte-hartzaile bi izango ditugu 2cool4school atalean. Mundu osoko talentu gazteenen graduazino lanak ikusarazoteko balio dauen sail honek Pablo Rioren (DigiPen Institute of Technology Bilbao) Conej Steps Out eta Laura Ibañez Lópezen (Elías Querejeta Zinema Eskola) Corpúsculos aukeratu ditu. Horrezaz gan, Revelations. New Spanish Animation Short Films atalean Martin Romeroren To Bird Or Not to Bird proiektua hautatu dabe, Bilboko Uniko enpresearen hurrengo produkzinoetako bat.
ICEXen eskutik, aurten Espainia Ohorezko Herrialde Gonbidatua dala kontuan hartuta, Basque. Audiovisual ekimenak barriro be stand bat izango dau, hitzordura joan diran euskal lanei buruzko informazinoa emoteko. Horretarako, jaialdi bakotxari jagokon katalogo digitala egin da eta, aldi berean, azokan izango diran lanak aurkezten dituen bideo txiki bat be proiektauko da stand-ean. Proiektu horreei buruzko informazinoa ezagutu ahal izango dabe bertaratuek: Iratxe Fresnedaren All The Roads Are Open (Pimpi & Nella Films); María Elorzaren Caro Bastiano (Txintxua Films); Laida Lertxundiren eta Ren Ebelen In A Nearby Field (Doxa Producciones); Aitor Altuna Izaren Karmele (Gastibeltza Filmak eta Txintxua Films); Xabier Iriondoren Spiked Bracelet (Txintxua Films); Iratxe Fresnedaren Tetuán (Marmoka Films, Pimpi & Nella eta Arena Comunicación); Koldo Almandozen The Last Goodbye (Txintxua Films); Patxi del Camporen Tuning Silences (Maluta Films eta Arteman – Komunikazioaren Artisauak); Baltasar Kormákurren Whalemen (At The Ends Of The Earth) (Euskadi Movier AIE); Albertina Carriren White Roses, Fall! (Doxa Produkzinoak) eta Lara Izagirreren Yerma (Gariza Films).
Horrezaz gan, eguenean, hilaren 18an, Palais Stage-n eta Fantastic Pavillion Conferencen barruan, euskal profesionalek Basque Country - The Land of the Fantastic berbaldia eskainiko dabe. Barriketaldian parte hartuko dabe Josemi Beltran Donostiako Udaleko Zinema Unidadeko arduradunak, Iñaki Gomez Irusoineko produktoreak, Carlota Pereda zuzendariak eta Paul Urkijo Irati eta Errementari filmen zuzendariak. Bertan, Euskal Herriko industria zinematografikoaren egoeraz eztabaidatuko dabe Mónica García Massagué Sitges Fundazinoko zuzendariak moderautako berbaldian.
Kritikaren Astea
Cannesko Kritikearen Astea jaialditik kanpo egiten dan topaketan talentu barriek aukerea dabe euren lanak publikoari eta kritikeari erakusteko. Film laburren eta lehen edo bigarren luzeen aukeraketa bat egongo da ikusgai. Joan dea urtean Estibaliz Urresola Solagurenen Cuerdas film labur arrakastatsua izan zan han eta oraingo honetan atontzaileek Irati Gorostidiren Contadores (Apellaniz y de Sosa) aukeratu dabe. Errealizadore nafarraren lan hau 70eko hamarkadako negoziazino sindikal bati buruzkoa da eta aktore ez-profesionalek osotutako castinga dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!