1.300 ikasle inguruk parte hartuko dabe Getxoko Eskolarteko XIII. Jokoetan
2023-05-04 09:35 KirolaMaiatzaren 5ean hasi eta hilaren 12an, 19an eta 26an eta bagilaren 1ean eta 2an be aukerea egongo da.
Getxoko ikastetxeek, Getxo Kirolak-egaz alkarlanean, Eskolarteko Jokoen hamahirugarren edizinoari ekingo deutse maiatzaren 5etik aurrera, Fadurako kiroldegian. Ekitaldiak jarraipena izango dau maiatzaren 12an, 19an eta 26an eta bagilaren 1ean eta 2an.
Ekimenaren helburua da Lehen Hezkuntzako 2., 4. eta 6. mailako ikasleen artean kirol ez-lehiakorra sustatzea.
1.300 bat ikaslek parte hartuko dabe Eskolarteko Joko honeetan eta, bertan, atletismo-probak eta herri kirolak be izango dira. Haszten Alkartearen eta Bizkaiko Herri Kirolen Federazinoaren laguntzea izango da; Hazten Alkarteak premina bereziko umeak lagunduko ditu.
Topaketa horreetan, ez da sailkapenik eta kanporaketa-probarik egongo, helburua eskola-komunidadea kirol-modalidade askotara hurreratzea eta horreen praktikea giro ludiko eta parte-hartzailean sustatzea baita.
Barikuan, maiatzaren 5ean, goizeko 10:00etatik aurrera, Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleen probak egingo dira. Ikastetxe guztiak Fadurara hurreratzeko, Getxo Kirolak-ek autobusa jarriko dau, doban.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!