Alberto Rodríguezek eta Moriartiren lan-eredu kooperatiboak aztergai

Bizkaie! 2023-04-12 11:18   Zinemea

Belén Funesen eta Marçal Cebriánen saioa hurrengo urtera atzeratuko da.

Zinemagileen arteko alkarrizketak ekimenaren –Koldo Mitxelena Kulturuneak, Z365 Donostia Zinemaldiaren urte osoko Zinemaldiak eta Elías Querejeta Zine Eskoleak atontzen dabena– bigarren denporaldia apirilean eta maiatzean zarratuko da, batetik, Alberto Rodríguez eta Rafael Cobos protagonista dituan saioagaz eta, bestetik, Moriarti Produkzinoak-eko hiru zinemagileak (Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga) protagonista dituan saioagaz.

Gaur egungo zinema espainiarraren aliantza luze eta oparoenetako bat izango da egueneko (hilak 13) protagonista, Alberto Rodríguez zuzendariarena eta Rafael Cobos gidoilariarena, hain zuzen be. Film honeetan ibili dira lankidetzan, besteak beste, 7 vírgenes / 7 Virgins (2005), Grupo 7 / Unit 7 (2012), La isla mínima / Marshland (2014), El hombre de las mil caras / Smoke and Mirrors (2016) eta Modelo 77 / Prison 77 (2022), igazko Donostia Zinemaldia inaugurau ebana.

Bigarren edizinoa zarratzeko, Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga euskal zinemagileek, maiatzaren 26an, plataforma baterako egin daben lehen telesailean (Balenciaga) erabilitako lan-eredu kooperatiboa azalduko dabe. Aurretik, Loreak / Flowers (2014), Handia (2017) eta La trinchera infinita / The Endless Trench (2019) egin ditue, danak Zinemaldiaren Sail Ofizialean estreinautakoak.

Maiatzaren 4rako aurreikusita egoan Belén Funes zuzendariaren (zuzendari barri onenaren Goya saria irabazi ebana Zinemaldiaren Sail Ofizialean estreinau eban La hija de un ladrón / A Thief’s Daughter bere lehen lanagaitik) eta Marçal Cebrián gidoilariaren arteko alkarrizketea hurrengo urtera atzeratu da, bigarren film luzea egiten baitabiz buru-belarri.

Saio biak Koldo Mitxelena Kulturuneko areto nagusian egingo dira (19:00etan eta sartzea librea izango da leku guztiak bete arte) eta edegian emongo dira kmk.gipuzkoakultura.eus webgunean.

Ikastaroaren helburua da zinemagilearen begirada bakarra deszentralizetea, baita proiektu bat osotzen daben lanbide tradizionalagoak ezagutarazotea be eta, ondorioz, zinema modu kritiko batean ikusten eta irakurten ikastea –testuinguru honetako inguruabarrak dirala-eta noranzko posible guztietan mutatzen dabiz–. Bigarren denporaldi honetan, besteak beste, ondoko zinemagileek parte hartu dabe: Estibaliz Urresola, Irati Gorostidi, Maider Fernández Iriarte, Albert Serra, Mikel Gurrea, Fernando Franco, Pilar Palomero, Alauda Ruiz de Azua eta Carlota Pereda.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu