Lumière Saioak, klasikoak eta zaharbarritutakoak erakusteko hamar proiekzino
2023-04-12 09:07 ZinemeaApiriletik bagilera izango dira.
Lumière Institutuaren eta Canneseko zinema-jaialdiaren zuzendari Thierry Frémaux-ek eta Lumièreko programazinoaren buru dan Maelle Arnaud-ek film bana aurkeztuko dabe Donostian.
Lumière Saioak apiriletik bagilera izango dira eta zinemearen historiako zati diran zuzendarien lanak eskainiko deuskuez, besteak beste, C.T. Dreyer, Francis Ford Coppola, Martin Scorsese, Wim Wenders eta Buster Keaton Horrezaz gan, hain ezagunak ez diran beste batzuen obrak ezagutzeko aukerea be emongo deusku zikloak, adibidez Kinuyo Tanaka, Gilles Grangier eta André Cayatterenak.
Lumière Saioak zikloaren bigarren edizinoaren helburua Lumière anaiek zinematografoa sortu eben urian orain 41 urte edegitako Lumière Institutuaren zaharbarritze, konserbazino eta zabaltzeko lanak ezagutarazotea da. Proiekzinoak apirilaren 14an, barikuan, hasiko dira Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazinoarteko Zentroan (Donostia). Lehenengoa Dans la nuit (Charles Vanel, 1929) izango da, baina film guztiak Gasteizko Artium Museoan be ikusi ahal izango dira, baita EHUren Bilboko Bizkaia Aretoan (Bilboko Arte Eder Museoak zarratuta jarraitzen dau barritze-lanak dirala eta) eta Iruñeko Golem zinema-aretoetan be. Gainera, Donibane Lohitzuneko Le Select zinema-aretoetan zikloaren lau proiekzino egingo dira.
Dans la nuit filmari buruz -akaso frantziar zinemearen azken film mutua- Bertrand Tavernierrek esan eban poesia zinematografikoa zala eta Maelle Arnaud Lumière Institutuko programatzaileak aurkeztuko dau Donostian. Bestalde, Donostiako proiekzinoan eta apirilaren 22an Bilbon egingo danean, Joserra Senperena musikari donostiarrak zuzenean joko dau pianoan zinta horretarako berenberegi sortutako partitura bikaina.
Three Ages (Buster Keaton, Eddie Cline, 1924) filmaren proiekzinoan be pianoa izango da protagonista. Zinema mutuaren obra garrantzitsuetako bat dan lana Bolognako filmategiak barritu dau eta lehen aldiz ikusi ahal izango dogu konserbautako material guztiakaz. Senperenak musikaz lagunduko dau istorioa Donostian eta Josetxo Fernández de Ortega Jáureguik Gasteizen, Bilbon eta Iruñean.
Lumière Saioak zikloan beste lan batzuk berreskuratuko ditue, berbarako, Chibusa yo eiennare (1955), Kinuyo Tanaka zinemagile japoniarraren lanik onenetako bat. Tanakaren filmeetan emakumeak izaten dira ardatz eta kamerearen atzean jarri aurretik Kenji Mizoguchi, Mikio Naruse eta Yasujiro Ozu zuzendarientzat aktore lanak egin izan ditu.
1955. urtekoak dira Ordet (Carl Theodor Dreyer) danimarkarra, Veneziako jaialdian Urrezko Lehoia irabazi eta zinemearen historian erantzun bikaina izan dauen maisulana; eta herrikoiagoa dan Gas-oil, Lumière Institutuak 50eko hamarkadako Frantziako zinemearen izen handi lez aldarrikatutako Gilles Grangier zuzendari gitxietsiak zuzendua.
Proiekzino honeek beste persona bat dakarskue gogora gerraondoko Frantziako gizarteagaz konpromiso sendoa izan eban André Cayatte zuzendari errebelde eta inkonformistea, hain zuzen be. Zikloak Justice est faite (1950) berreskuratu dau, haren lan adierazgarrienetako bat.
Horrezaz gan, programeak frantziar zinemearen beste ezinbesteko izenetako baten lana be batu dau, haren filmografiaren zaharbarritzeei esker topautakoa: Jean Eustacheren Mes petites amoureuses, (1974).
Programara zinemagintza garaikidearen oinarrizko hiru egilek zuzendutako filmak izango ditugu: Apocalypse Now. Final Cut (1979-2019), gizakiei eta gerreari buruzko gogoeta ahaztezin bat, Francis Ford Coppolaren klasikoaren azken bersinoa eta estreinau ebenetik 40 urtera zaharbarritua; Raging Bull (1980), Robert De Niro protagonista dauen Martin Scorseseren maisulan ikonikoaren 4K-n zaharbarritutako kopia bat; eta Im Lauf der Zeit (1975) berreskuratua, Wim Wenders zuzendari alemanaren ibilbidean erabagigarria izan zan eta Donostian Thierry Frémaux Canneseko zinema-jaialdiaren zuzendariak aurkeztuko dauen zintea.
Sarrerak Internet bidez eta proiekzino-lekuetan eskuratu daitekez, Bizkaia Aretoaren kasuan izan ezik, Bilbon egingo diran proiekzinoetarako sarrera fisikoak bertako Arte Eder Museoan egongo baitira salgai.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!