Lucas Eguibarrek zidarra irabazi dau Munduko Kopako sailkapen nagusian

Bizkaie! 2023-03-27 07:45   Kirola

Basque Teameko snowboarderra sailkapen nagusiko podiumera bueltau da.

2022-2023 denporaldian Kristalezko Globoa gogoan, hautagai nagusiek ez dabe atzera egin astegoien honetan Mont Sainte Annen (Kanada) jokatu dan bigarren proban. Final handian Martin Noerl izan da irabazlea.

Lasterketearen aurreko sailkapen txandan, Lucas Eguibarrek ez dau arazo handirik izan Noah Bethonico brasildarra eta Matteo Menconi italiarra gainditzeko.

Final-zortzirenetan be donostiarra izan da onena, Andreas Kroh austriarraren, Glenn de Blois holandarraren eta, barriro be, Bethonico brasildarraren aurretik. Bestalde, Martin Noerl, Omar Visintin eta Eliot Grondin sailkapen nagusiko arerio zuzenenek be kanporaketa hau gainditu dabe final-laurenetan sartzeko.

Fase horretan Lucas Eguibarrek Omar Visintinen kontra jokatu behar izan dau, gaurko probearen aurretik sailkapen nagusiko hirugarren postuan egoanaren kontra. Nahiz eta hirugarren postuan hasi eta kronometrautako bigarren zatian laugarren denporea egin, Lucas bigarren izan da hirugarren zatian eta hoela amaitu dau txandea, Andreas Kroh eta Lukas Pachner austriarrak azken postuetara igaro dirala aprobetxauta.

Final-laurenen ostean, beraz, emozinoa sekulakoa zan finalerdetan. Lehen finalerdian Kristalezko Globoa irabazteko lehian parte hartu daben izar guztiak batu dira: Eguibar bera, Martin Noerl, Omar Visintin eta Nick Baumgartner estadubatuarra. Lucas aurrean jarri da txandearen hasieran, baina gero posizino hori galdu dau hirugarren izateko. Bigarren postua Visintin italiarragaz jokatu dau eta oraingoan Lucas izan da nagusi.

Final handiaren urtekeran, Martin Noerl alemaniarra peto gorriagaz, Jake Veder estadubatuarra peto horiagaz, Eliot Grondin kanadarra peto berdeagaz eta Lucas Eguibar peto urdinagaz, gogotsu egozan momentu erabagigarriaren zain. Eguibar laugarren zan lehen tartean, baina ondoren bigarrenera joan da, Noerl aurreratuz. Lucasek arriskatu egin dau puntuak urratzeko, baina azken saltoan ezin izan dau aurrera egin. Lucas Eguibar laugarren sailkatu da, Martin Noerl, Jake Vedder eta Eliot Grondin kanadarraren atzetik.

Mt.  St. Anneko bigarren Munduko Kopearen ondoren, Martin Noerlek irabazi dau Kristalezko Globoa, 510 puntu lortuta. Lucas Eguibarrek Munduko Kopako sailkapen nagusiko bigarren postuan amaitu dau 436 puntugaz eta podiumeko hirugarren postua Eliot Grondin kanadarrak irabazi dau 399 puntugaz.

Lucas Eguibarrek Munduko Kopako sailkapen nagusian inoiz lortu dauen bigarren emoitzarik onena da aurtengoa. 2015ean Basque Teameko snowboarderrak Kristalezko Globoa irabazi eta 2016an hirugarren izan zan, baina ordutik ez eban berriro podiumera igon sailkapen nagusian.

Munduko Kopan irabazitakoaz gan, Lucas Eguibarrek urrea irabazi eban Idre Fjälleko Munduko Txapelketan 2021ean eta zidarrezko domina bi Sierra Nevadakoan, 2017an. Diploma olinpiko bi be baditu, 2014ko Sotxiko eta 2022ko Beijingeko Jokoetan lortutako zazpigarren postuakaitik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu