Inoiz baino gehiago tripulazino biak erronka bizian
2023-03-27 09:25 KirolaInjineruak eta Deustu lehian martiaren 31n, arratsaldeko 19:00retan.
Azael Rodríguez Deustuko entrenatzaileak eta Iñigo Martínez de Alegría Ingenierosen entrenatzaileak edizio honetarako estrategiak planteau zituen:
Deustuk asko ikasi dau aurreko edizinoan galdu ondoren eta ahal dauen guztia egingo dau holakorik barriro jazo ez daiten. Estropadea irabazteko apaltasuna, prestakuntzea eta tripulazino leial eta sendoa behar dira. Ez gara fiauko, Azaelek azpimarratu dauenez.
Injineruak taldeak igazko ikuskizuna eskaini gura dau aurten be eta gogor ekingo deutsela estropadeari zehaztu dabe, taldearen indarguneak ilusinoa, motibazinoa eta material onak dirala nabarmenduz. Arraunlari batzuen gaztetasunak, barriz, indarra eta ilusino handia ekarriko deutsoz taldeari.
Kontuan izan behar da estropada honetako arraunlari guztiak beren arraun-klubetan ibilten dirala eta, beraz, ez da lan erraza entrenamenduak atontzea eta sortzen diran ezustekoak gainditzea.
Baina, esan lei, unibersidade-zentroek lortu dabela: Tripulazino biak dira onak eta inork ez dau atzera egiteko asmorik. Urtekeran edo Elorrietako bihurgunean abantaila hartzea oinarrizkoa izango da. Injineruak taldeak kalea aukeratu ahal izateak abantailea emon leikio baina hori uretan erakusti behar da. Deustuk, askotan jarraian irabazi dauela jakinda, taldearen teknikan eta arraunlarien ezagutzan konfidantza izango dau.
Jose Maria Gorostiagak, Estropadako buru eta sortzaileak, eskerrak emon deutsoz Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari emondako babesagaitik eta omenaldi txiki bat egin nahi izan eutson Jose Migel Eizagirreri, joan dan zemendian hil baitzan estropadearen aitzindari eta babesle handiari.
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko presidenteak, Kepa Odriozolak, uribilduan tradizino handia dauen unibersidade-mailako lehia honi bere babesa eskaini eta azken berrogei urtean egindako lana nabarmendu eban; horri esker, jentea itsasadarrera hurreratzen da bizibarritutako urez gozetan. Gaur egun konpartidutako bizimoduaren isla da eta osasun, kirol eta jasangarritasunaren eredu be bai.
Estropadearen prentsaurrekoan izan ziran Charles Pinto, Injinerutza Eskolako zuzendaria eta Pello Azpitarte, Deusto Campuseko zuzendaria.
Prentsaurrekoa amaitutzat emon aurretik, Iñigo Martínez de Alegriak eskaria egin deutso Bilboko Udalari: Deustuko Zubia edegitea, ondare historiko lez, Injineruaks Deusto estropadea baino aukera hoberik ez dagoala 15 urte zarratuta egondako zubia edegiteko, izan be, 2008an izan zan, estropadearen egunean, zabalik ikusi genduan azken aldia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!