Hasi da Frantziako Tour-eko urtekera handirako 100 eguneko atzerako kontaketea

Bizkaie! 2023-03-23 09:15   Kirola

Kalakan-ek eta Bilboko Koral Alkarteak girotu eben hasierea.

Bilboko udaletxearen aurrean, Christian Prudhomme Tour-eko zuzendariak, Juan Mari Aburto Bilboko alkateagaz, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuagaz eta Elixabete Etxanobe Herri Administrazino eta Erakunde Hartu-emonetarako foru diputaduagaz batera, Tissot erlojua martxan jarri eban botoi erraldoia sakatu eben, lasterketea hasi arteko atzerako kontaketeari hasierea emonez. Kronometroa Tour-eko beste ikur baten ondoan egon zan: lasterketako zuzendariaren Skoda auto gorria.

Bingen Zupiriak lagunduta, Juan Mari Aburtok gaztelaniaz, Elixabete Etxanobek euskaraz eta Christian Prudhommek frantsesez esaldi bera errepetidu eben Tissot erloju sinbolikoa martxan jarterakoan: Martxan da Frantziako Tourra Euskadin hasteko atzerako kontaketea marketan dauen kronometroa.

Kalakan hirukoteak eta Bilboko Koral Elkarteko abesbatza guztietako 150 kide inguruk, lepoan zapi horiak zituela ekitaldia girotu ondoren ibilbidea egin eben uriko erdigunetik Bizkaiko Foru Aldundiko jauregira eta hortik San Mames zelaira.

Zeremonian, 13 x 10,6 metroko maillota jarri eben Aznar eraikinean eta, jarraian, udaletxeko fatxadea horiz argiztatu zan. Bertaratutakoek emozino handiz hartu zituen jarduerok eta daborduko euskal txirrindularitzearen historiaren parte dirala sentidu eben.

Uriko erdigunean hasi, udaletxetik Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregira eta hortik San Mames futbol zelaira egin eben bidea.

Tropela igarotean, uriko eraikin enblematikoenetako batzuk horiz argiztatu ziran, besteak beste, Bizkaia Torrea, Foru Jauregia. Foru erakundean zain egoan Andoni Agirrebeitia, Amorebieta-Etxanoko alkatea, Frantziako Tourraren hirugarren etapearen urtekerea hartuko dauen udalerria. Geldialdia Bilboko Koral Alkarteko ikasleen kantaldiak girotu eban.

Helmugea San Mames estadioan egon zan, izan be, Athletic-ek harrera berezia egin eutson. Christian Prudhommek erakundearen 125. urteurreneko Athleticen maillota jaso eban, Jon Uriarte presidentearen eta Garazi Murua eta Iker Muniain lehen taldeetako kapitainen eskutik.

Bizkaia Frontoia be argiztatu eben. Aitatu eraikinok 20:00etatik 22:00etara arte egongo dira horiz argiztatuta eguaztenetan eta eguenetean.

Kontuak kontu, garagarrilaren 1ean, zapatuan, erloju hori 00:00:00ra helduko da eta munduko lasterketarik onenari ekingo jako: 110. Frantziako Tour-ari ekingo jako eta lehenengo hiru etapak Euskadin jokatuko dira: Bilbo – Bilbo (garagarrilak 1), Gasteiz – Donostia (garagarrilak 2) eta Amorebieta-Etxano – Baiona (garagarrilak 3).

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu