'Milan-Cortina d´Ampezzo Jokoak dira nire epe luzerako helburua'
2023-03-22 08:23 KirolaIñigo Martinez de Albornozek ezin izan eban podiuma zapaldu aurtengo Munduko Txapelketan.
Iñigo Martínez de Albornoz aurrera doa. Argi ditu helburuak eta betetako prest dago. 2022an hirugarren izan zan Europako txapelketan eta denporaldi honetan bikain dabil: Behetik gora egin dot. Denporaldi bakotxean jazoten jat, denporaldiaren erdian hazten naz beti. Lehenengoetan (Munduko Kopak) egia da akats tekniko asko izan nituala eta, egia esan, denporaldi honetan asko ikasi dot. Lasterketa bakotxean zeozertxu ikasten neban hurrengo Munduko Kopan hobetzeko, batez be gauza teknikoak, transizino-kontuak. Egia da Munduko Txapelketearen aurreko azken Munduko Kopan maila fisikoan oso ondo sentidu nintzala eta horregaitik gogoz heldu nintzan hitzordura dino Albornozek.
Boi Taüllen jokatutako Munduko txapelketan Iñigok nazinoartean kontuan hartu beharreko kirolari bat dala erakutsi eban. Esprint proban, haren lasterketa gogokoenean, faseak pasetan joan zan modu ikaragarrian eta seigarren postuan amaitu eban: Egun horretan finalean sartu nahi neban, konfidantza handiz nenbilen eta horrek asko lagundu eustan. Bai final-laurenetan eta bai finalerdietan txanda nahiko onak egin nituan eta finalean topera urten neban, dominea irabazi gura neban eta gertu geratu nintzan. Azkenean ezin izan neban. Denporaldi honetan oraindino final baten sartu barik nengoen, pozik nago, baina amorratuta onartu dau donostiarrak.
Esprinteko probearen ondoren, errelebo mistoena heldu zan eta bertan Iñigo eta Marta Garcia lehiatu ziran: 25 talde sailkatu ziran proba-kalifikazinorako baina 12 azkarrenak baino ez ziran pasau finalera. Zazpi selekzino heldu ziran finalera, Frantzia, Italia, Espainia, Austria eta Suitza bina taldegaz eta Eslovakia eta Alemania bakarragaz. Iñigok eta Martak laugarren amaitu eben.
Orain urte bitik hona sano aldatutako modalidadea da, barria da, izan be, lehen, erreleboak mutilen erreleboak ziran eta, horrezaz gan, nesken beste bat be baegoen. Orain mistoa da. Akaso esprinta baino apur bat gehiago kostetan jatan probea da. Martak eta biok ez genduan espero hain ondo ibiltea, Martak errelebo ona egin eban lehenengoan eta neik be ordura arte egindako erreleborik onena egin neban. Irabazteko moduan be jarri ginan. Erabat sartuta gengozan lasterketan. Ez dakit lasterketa ondo kudeatu neban eta azkenean atarian geratu ginan kontau dau Martinez de Albornozek.
Iñigo Martinez de Albornozek etorkizun oparoa dau mendiko eskian. Aitaren aginduei jarraituz ekin eutson, Candanchun mendiko eskia egin eban eta bederatzi denporaldi daroaz nazinoartean lehiatzen. Modalidade hau 2021ean sartu eban Nazinoarteko Batzorde Olinpikoak programa olinpikoan. Iñigok uste dau faktore horrek bultzadea emon deutsola bere kirolari.
Orain modalidadea olinpiko bihurtu da eta dezente hazten dago. Munduko Txapelketa honetan, Txina eta AEBak sartu dira eta dominak irabazi ditue. Horixe da gure asmoa. Federazinoagaz konzentrazinoak sarriago egiten ditugu eta datozen urteei begira, arlo horretan profesionalizetan gabiz adierazo dau Basque Teameko kirolariak.
Iñigori Munduko Kopa bat (Tromso, Norvegia, apirilaren 12tik 16ra) eta Euskadiko selekzinoagaz distantzia luzeko Munduko Txapelketa bat geratzen jakoz denporaldiari amaierea emoteko. Urratsez urrats doa, nahiz eta epe luzera be helburu argia dauen, 2026ko Milan-Kortina d´Ampezzoko Neguko Jokoak.
Asko falta da. Ez dakigu zelan sailkatuko garen hitzordu honetarako. Gustora egongo nintzateke bertan. Epe luzerako helburua dot. Garai onean heldu naz eta espero dot hor egotea eta dominak irabazteko burrukan sartzea dino Iñigok
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!