Lezamako Trenbide Zaharreko oinezkoentzako eta bizikletentzako bidea prest egon daiteke urte bi barru
2023-03-20 08:43 KirolaProiektua gauzatzeko epea 24 hilebetekoa izango da eta 7,3 miloie euroko aurrekontua izango dau.
Proiektuak Bilbo, Sondika, Loiu eta Zamudio udalerriak zeharkatzen dituan 7,5 kilometroko ibilbidea sortzeko aukerea emongo dau eta lurraldeko uriburua gaur egun garapen-fasean dagoan Txorierriko bizikletentzako ardatzagaz lotzeko aukerea emongo dau.
Bizkaiko Foru Aldundiak hasierako onespena emon deutso Lezamako Trenbide Zaharreko oinezkoentzako eta bizikletentzako bidea sortzeko proiektuari; 7,3 miloe eurokoa da aurrekontua, Estaduko Aurrekontu Orokorren kargura, Foru Aldundiak eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak proiektu hau Natur Bideen Estaduko programan sartzeko lortutako akordioan oinarrituta.
Akordio hau betez Foru Aldundiaren erantzukizuna da eraikuntza-proiektua idaztea eta tarteko lurrak Ministerioaren esku jartea, obrak amaitutakoan, erakunde honen ardurea izango dira mantentze lanak. Trukean Estaduko erakundea arduratuko da Bilbo eta Lezama arteko trenbide zaharraren trazadurea aprobetxetan dauen bide horren obren kostua finantzieteaz, izan be, 1901ean itxi eutsen bide hori erabilteari, hau da, 120 urte baino gehiago daroaz erabili barik.
Oinezkoentzako eta bizikletentzako bide mistoak 3,20 metroko zabalerea izango du lehenengo sei kilometroetan eta 3,50 metrokoa ganerako atalean. Bide hau zagor artifizialez zolatuta egongo da eta, eregiteko aldatzei jagokenez, indarreko araudira egokitu beharreko eremuak induskatu eta bete egingo dira, baita ibilbideko zati batzuei jarraipena emoteko diseinau diran plataforma zaharretik kanpoko zati barriak be.
Proiektuak trenbide zaharrean dagoan tunela egokitzea be jasoten dau; tunelak 446 metroko luzerea dau eta erabilteko segurtasun-maila egokiak zuzkitzeko iragazgaxte lanak egingo dira eta LED luminariadun argiztapena jarriko da. Egokitzapen honen barruan hormigoizko horma atxiki bat eregiko da tunelaren barruan iragazgaxtearen behealdea babesteko eta hormen irregulartasunak estaltzeko; beraz, barruan ezkutatzea ahalbidetzeko espazioak sortzea ebitauko da.
Gainera trazaduran zehar egonkortze-obrak egingo dira bidearen plataformea behar besteko zabalereagaz egokitzeko egungo topografiak ezponda egonkorrakaz betetea edo induskatzea ahalbidetzen ez dauen eremuetan.
Ingurumen-ebaluazino sinplifikatuaren prozedurea egin eta hasierako onespena emon ondoren, bizikletentzako-oinezkoentzako bide hau eregiteko proiektua jentaurrean aurkeztuko da barriro, 20 egun balioduneko epean, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (BAO) eta Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunean argitaratzen dan egunetik zenbatzen hasita, eragindako personek edo interesdunek alegazinoak aurkeztu ahal izan deezan. Aldi berean eragindako toki-korporazinoei entzunaldia emoteko prozesua edegiko da. Prozedura horreek proiektua behin betiko onartu aurrekoak izango dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!