Alvaro Romero snowboarderrak Veysonnazko Munduko Kopan zidarrezko dominea irabazi dau

Bizkaie! 2023-03-17 09:15   Kirola

Lucas Eguibarrek ezin izan ditu final-zortzirenak gainditu Suitzan.

Alvaro Romerok ez dau denooraldi erraza bizi izan. Hainbat gripe-prozesuk jota, donostiarrak ezin izan dau orain arte mailarik erakutsi. Bakurianiko (Georgia) Munduko Txapelketa absolutuan abisau eban orain aste batzuk 13. postuan amaitu ondoren eta gaur arantzatxua atara dau podiumeko bigarren lekura igota. Aurtengo denporaldiko helburuetako bat Munduko Kopan hobetzen eta txandak gainditzen jarraitzea zan eta bestea Saint Pellegrinon martiaren 30ean jokatuko dan junior mailako Munduko Txapelketea irabaztea. Esangura horretan, Alvaro Romerok lehen aldiz igon dau Munduko Kopa bateko podiumera eta 19 urte besterik ez ditu.

Final-zortzirenetan, Romero jarri da hirugarren partzialean lehen postuan eta postu horretan helmugaratu da Davd Pickl austriarraren eta Nick Baumgartner estadubatuarraren aurretik. Final-laurenetan, Alvarok lehiakide gogorrei aurre egin behar izan deutse, besteak beste, Martin Noerl alemaniarrari baina barriro be bere txandea irabazteko kapaz izan da, Adam Lambert eta David Pickl gaindituta. Final-laurenetako txandea gogorra bazan, askoz gatxagoa izan da finalerdietakoa. Barriro be Noerlen kontra eta Omar Visintin eta Glenn de Blois italiarrakaz jo eta su, Romero ez da kikildu eta bigarren postuan helmugaratu da. Bigarren postu horrek final handira pasetako txartela emon deutso.

Finalean Basque Teameko kirolariak ez dau urtekera bikaina egin eta laugarren postuan geratu da. Halan da be, edadeari ez jagokon indarra erakutsiz, aurrera egin dau lehen posturaino. Ibilbidearen azken zatian lehia gogorra izan dau bere hiru lehiakideakaz baina azkenean bigarren amaitu dau, Martin Noerl alemaniarraren atzetik eta Lorenzo Sommariva italiarraren eta Eliot Grondin kanadarraren aurretik.

Lucas Eguibarrek, barriz, ezin izan dau final-zortzirenetatik pasau. Bere lehiakideetako bategaz ikutu txiki bat izan dau kanporaketa horretan eta hirugarren amaitu dau bere seriean, Matteo Menconi italiarraren eta Jake Vedder iparramerikarraren atzetik. Kontuak kontu, Lucas Eguibarrek Munduko Kopako lider izateari itxi deutso. Orain Martin Noerl alemaniarra da liderra 374 puntugaz eta atzetik Omar Visintin italiarra 335 puntugaz eta Lucas Eguibar 326 puntugaz. Munduko Kopea amaitzeko falta diran proba biak Mt. St. Annen (Kanada) martiaren 24tik 26ra jokatuko ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu