Bizkaiak ‘Pasa Baloia, Neska’ proiektua bultzatu dau
2023-03-16 10:36 KirolaLurraldeko emakumezkoen futbol-sarea ikusgai jarri eta sustatzea da asmoa.
Bizkaiko Foru Aldundiak, Athletic Clubagaz eta Bizkaiko Futbol Federazinoagaz batera, Pasa Baloia, Neska proiektua bultzatu dau, lurraldeko emakumeen oinarrizko eta eskolako futbolaren egiturea sustatu eta ikusgai jarteko.
Lorea Bilbao Ibarra Euskera, Kultura eta Kirol diputaduak ekimena aurkeztu dau Xabi Arrieta, emakumezkoen Athletic Clubaren zuzendaria; Lourdes Zorrozua, Bizkaiko Futbol Federazinoko zuzendaritzako kidea; eta Gari Fullaondo, proiektuaren zuzendariagaz batera.
Diputaduak nabarmendu dauenez, proiektua Bizkaiko emakumezkoen futbolaren proiektu aitzindaria da, tresna bat da Bizkaiko emakumezkoen futbola bere kabuz garatu daiten. Emakume danantzako eta danakaz. Baloia da batzen gaituen elementua eta ekimen honen bidez gure artean nahi dogu, batak besteari pasau. Diputaduak azpimarratu dauenez, Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko emakumezkoen futbolaren sare osoa ikusgai jarri eta preparau nahi dau, oinarritik. Eta, horretarako, tresna hau eskaini dogu, Bizkaian emakume-taldeak dituen futbol-erakunde guztiak barrutik trebatu daitezen.
Athletic Clubak Bizkaiko emakumezkoen oinarrizko futbolaren egiturea atondu nahi dau eta horretarako esperientzia eta ezagutzak oinarrizko futboleko erakundeakaz konpartiduko ditu. Era berean, Xabi Arrietak, emakumezkoen Athletic Clubaren zuzendariak, honako hau azpimarratu dau: Aldundiak sustatutako proiektu hau bat dator Athletic Cluben arlo estrategikoakaz, Bizkaian emakumezkoen taldeekin hitzartutako klubak bultzatzeari jagokonez, izan be, Athletic Clubek Bizkaian futbolean dabizen neska eta gazte guztien aurrean erantzukizun berezia dau.
Lourdes Zorrozua Bizkaiko Futbol Federazinoko zuzendaritzako kideak proiektu hau garrantzitsua dala Bizkaian emakumezkoen futbola garatzeko nabarmendu dau, eta FVFren helburuetako bat emakumeen futbola sustatzea dala: Gure ustez, urratsetako bat neskek txikitatik futbola ezagutzea da.
Era berean, Gari Fullaondo Pasa Baloia, Neska proiektuaren arduradunak proiektu honen lau oinarri nagusiak zehaztu ditu (metodoa, teknologia, prestakuntzea eta aholkularitzea), baita datozen urteetan lortu nahi dan alor nagusien oinarriak be. Fullaondok kluben onarpen handia azpimarratu dau eta proiektu hau eregiteko asmoa azpimarratu dau Bizkaiko emakumezkoen futboleko familia handia osotzen daben erakunde eta klubetako arduradunen eskutik.
Pasa Baloia, Neska
Ekimena Bizkaiko emakumezkoen eskola-futbolaren eta futbol federatuaren talde sozial osoari zuzenduta dago. Kirol-klubetako eta erakundeetako jokalariek, teknikariek eta kudeatzaileek eta senideek eta emakumezkoen futbolaren beste agente batzuek tresna hau eskuratu ahal izango dabe, euren kirol-lana optimizetan lagunduko deutsena.
Pasa Baloia, Neska programeak Bizkaiko emakumezkoen futbolaren egitura osoa ahalik eta ondoen garatzea ahalbidetuko dau eta, horretarako, klubei eta erakundeei honako honeek eskainiko deutsee: Emakumezkoen futbolean oinarritutako metodologia espezifiko bat, kirol-kudeaketarako aplikazino teknologikoak, teknikarien eta kudeatzaileen egitura osoarentzako prestakuntza espezifikoa eta aholkularitza integral personalizatuko proiektu bat.
Athletic Clubak, Bizkaiko emakumezkoen futbolaren erreferente nagusia dana eta Lehen Mailan talde bat dauena, Bizkaiko emakumezkoen oinarrizko futboleko kluben eta erakundeen eskura jarriko dau bere kapital teknikoa eta antolakuntza-kapitala, kategoria goiztiarrenetan modalidade honen praktikeari balio erantsia emoteko helburuagaz.
Holan, proiektuak kirol-klub edo erakunde bakotxeko teknikariak ahaldunduko ditu eta balioetan eta hezkidetzan oinarritutako kirol-prestakuntzako metodologia ezartzen lagunduko dau.
Bizkaiko Foru Aldundiak lankidetza hitzarmena sinatu dau Athletic Clubagaz eta Foru-erakundeak 240.000 euro inbertiduko ditu klubak lurraldeko emakumezkoen futbolaren egiturea osotzen daben erakundeak prestatzeko helburuari eutsiz.
Emakumezkoen futbola Bizkaian
Helburua da Bizkaian emakume-taldeak dituen futbol-erakunde guztiak programara atxikitzea.
Bizkaian emakume-taldeak dituen 50 futbol-erakunde dagoz eta horreetako 37k taldea dabe eskola-kirolean. Gaur egun, hogeita hamar bat kirol-erakunde atxiki dira dagoeneko ekimenera.
Proiektuak plan eraginkor bat barne hartzen du kluben eta erakundeen berezitasunei erantzun ahal izateko, horien tamainaren eta profesionalizazio-mailaren arabera, bai eta futbolaren askotariko errotze-mailei erantzuteko ere.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!