'20.000 erle espezie' filmak inaugurauko dau Donostiako Giza Eskubideen 20. Zinemaldia
2023-03-16 08:13 ZinemeaApirilaren 21ean izango da.
Estibaliz Urresola Solagurenek zuzendutako filmak inaugurauko dau Victoria Eugenia Antzokian Donostiako Giza Eskubideen 20. Zinemaldia, Udaleko Giza Eskubideen arloak eta Donostia Kulturak atondutakoa.
Zinemaldia apirilaren 21etik 28ra egingo da da Victoria Eugenia Antzokian eta Antzoki Zaharrean, baita uriko beste agertoki batzuetan be.
Cocó, zortzi urtekoa, ez da moldatzen besteek beragandik espero dabenaren aurrean, eta ez dau ulertzen zergaitik. Bere inguruko guztiek Aitor deitzen deutse behin eta barriro baina ez dau bere burua izen horretan ezagutzen. Amak, Anek, oporrak aprobetxauko ditu hiru seme-alabakaz bere amaren etxera joateko. Bertan bizi dira Lita ama eta Lourdes izekoa, erleen hazkuntzan burubelarri. Euren bizitzak aldatuko dituan uda honek duda eta bildurrei aurre egiten behartuko ditu hiru belaunalditako emakume horreek.
Kontuak kontu, pelikula hau, Gariza Films (Bilbo) eta Inicia Films (Bartzelona) etxeek produzidutakoa da eta Sirimiri Films etxeagaz (Araba/Gipuzkoa) batera eta joan dan Berlingo Zinemaldian estreinautakoa, Estibaliz Urresola Solagurenek zuzendutako fikzinozko lehen film luzea da, Adri (2012), Nor nori nork (2018), Polvo somos (2020) eta Cuerdas (2022) film laburren eta Voces de papel (2016) dokumental luzearen ondoren.
20.000 erle espezie filman ondokoak dira protagonistak: Sofía Otero (Berlingo aktore onenaren Zidarrezko Hartza), Patricia López Arnaiz, Ane Gabarain, Itziar Lazkano, Martxelo Rubio, Sara Cózar, Unax Hayden, Andere Garabieta eta Miguel Garcés.
Urresolaren filma Malagako Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinauko da estaduan eta Bartzelonako Festival Internacional de Cinema d'Autor zinemaldiari emongo deutso amaierea.
BTEAM Pictures banatzaile dauen film hau apirilaren 21ean bertan estreinauko da zinema-aretoetan. Donostiako aretoetan SADE taldeak estreinauko dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!