Balioa emon deutse lurraldeko oinarrizko kirolaren lanari

Bizkaie! 2023-03-14 07:59   Kirola

Bart egindako Bizkaia Kirolak Sariak 2023 ekimenean.

Ondokoak izan dira 2023ko Bizkaia Kirolak Sarien irabazleak: Banakako kirolean, Ager Solabarrieta Txakartegi (kirol egokitua); promesa gaztearen kategorian saria jaso dauena Arai Lejardi Larrinaga (euskal pelotea) izan da; epaile kategoriako irabazlea Lourdes Garcia Negro (arrauna) izan da; teknikarien kategorian Sergio López Carazo (atletismo egokitua) izan da saritua; erakundeen kategorian Deportiva Náutica Portugalete (ugerketea) izan da, bere 75. urteurrenean; eta zuzendarien kategorian Kepa Andoni Saitua Grasak (errugbia) jaso dau saria; Eduardo Perez Martinezek (judoa) jaso dau saria kirolari beteranoen kategorian; eta, azkenik, kidetasun saria Bilbao Bizkaia 2022 Triatloi Multikiroleko Europako Txapelketek eroan dau.

Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko oinarrizko kirolaren lana autortu dau 2023ko Bizkaia Kirolak Sariak emoteko ekitaldian. Unai Rementeriak, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Lorea Bilbao Ibarrak, Euskera, Kultura eta Kirol diputaduak, Oinarrizko Kirolean Bizkaian jarduera fisikoa eta kirola bultzatzeko eta sustatzeko egindako lanagaitik nabarmendutako persona eta erakundeei zuzendutako sari-banaketan parte hartu dabe. Ekitaldia Bizkaia Frontoian egin da eta bertan erakunde eta kirol ordezkaritza zabala izan da.

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eskerrak emon deutsee Bizkaiko kirol-eragile guztiei lurraldeko kirol-ehunaren muskulua indartzen egindako lanagaitik. Rementeriak saritutako erakunde eta personen eta sariak emon dituenen maila eta ibilbidea azpimarratu ditu eta Bizkaian, txikitasunetik, gure izakera eta kirola ulertzeko moduagaz, mundu global batean lehiatzeko kapaz garela nabarmendu dau.

Sarituen izenak ekitaldian zehar jakinarazo dira eta horrek agirian itxi dau saridunen eta euren laguntzaileen emozinoa sariak hartukeran. Sari-banaketa honetan uriko kiroleko emonaldi bi izan dira.

Sarituek Lorea Bilbao Ibarra, Isabel Itube, Silvia Trigueros, Carmen Solana, Garazi Sanchez, Unai Basurko, Marian Rocha eta Unai Rementeriagandik eskuratu dabe saria. Sari banaketako aurkezleak Karmele Gisasola eta Iñigo Vicens izan dira.

Bederatzi erakunde edo persona izan dira sarituak, zortzi kategoriatan.

Bizkaia Kirolak Sariak 2023ko saridunak:

- Izar Gaztea Saria: Arai Lejardi Larrinaga (euskal pilota).

- Argizagi Saria: Ager Solabarrieta Txakartegi (kirol egokitua).

- Iparrizar Saria: Eduardo Perez Martinez (judoa).

- Leialtasun Saria: Kepa Andoni Saitua Grasa (errugbya).

- Zuzentasun Saria: Lourdes Garcia Negro (arrauna).

- Lidergotasun Saria: Sergio Lopez Carazo (atletismo egokitua).

- Kidetasun Saria: Deportiva Náutica Portugalete: 75. urteurrena (ugerketea).

- Ikusgarritasun Saria: Bilbao Bizkaia 2022 Triatloi Multikiroleko Europako Txapelketea.

Sarituek Bizkaiko jarduera fisikoa eta kirol-jarduerea bultzatzen eta zabaltzen lagundu dabe 2022ko ekitaldian. Edizino honetan bederatzi sari emon dira zortzi kategoriatan: Argizagi Saria, banakako kirolaren kategorian; Izar Gaztea Saria, etorkizun handiko gazteen kategoria saritzen dauena; kirolari beteranoentzat dan Iparrizar Saria; Zuzentasun Saria, epaile kategoria saritzeko; Lidergotasun Saria, entrenatzaileak saritzen dituana; Kidetasun Saria, Lurraldeko kirol-erakundeak saritzeko; Leialtasun Saria, zuzendaritzako kideak baloretan dituana; eta, azkenik, Ikusgarritasun Sariak 2022an Bizkaiko jarduera fisikoa eta kirol-jarduerearen zabalkundean nabarmendutako ekitaldia saritzen dau.

Foru erakundeak 71 hautagai-eskaera jaso ditu Bizkaia Kirolak Sariak 2023 sarietarako. Bizkaia Kirolak Sariak 2023 sariek Bizkaiko kirolariek 2022an lortutako kirol merituak autortzen ditue, baita oinarrizko kirolari laguntzeagaitik nabarmendutako teknikariak, erakundeak eta ekitaldiak be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu