Lucas Eguibarrek zidarra irabazi dau Sierra Nevadako bigarren lasterketan
2023-03-13 09:22 KirolaMunduko Kopako sailkapen nagusian lider jarri da.
Lucas Eguibarrek astegoien bikaina bizi izan du. Sierra Nevadan, Basque Teamen bekea dauen snowboarderra podiumean izan dogu egun bitan eta urrezko eta zidarrezko domina bana eskuratu dau. Herenegungo 100 puntuei eta atzoko 80 puntuei esker, Munduko Kopako sailkapen nagusiko lider jarri da donostiarra. Esperientzia hori 2015ean bizi izan eban Eguibarrek, garaikurra irabazi ebanean.
Aurreko lasterketan pilatutako nekea eta azken probea ordubete beranduago jokatzeagaitik edurraren egoerea aldatu egin zalako gogoan hartuta. Lasterketa astunagoa izan da azken hori, ez hain azkarra, baina Lucasek podiumera igoteko lana egin dau, familia zein lagunez inguratuta.
Eguibar final-zortzirenetako zazpigarren txandan lehiatzen hasi da. Bere lehen txanda horretan hiru tarte kronometratuetan azkarrena izan da eta oso estu ibili da Ken Vuagnoux frantziarragaz, serie horretan Bernat Ribera eta Jake Vedder kanpoan itxita.
Final-laurenak be nahiko eskuragarriak izan dira Lucasentzat. David Pickl austriarra jausi eta hori erabagiorra izan dalako jatsieran. Ken Vuagnoux frantziarrak austriarraren gainetik salto eginda, ahal izan dauen moduan, atzean itxi dau, baina kanporatu egin dabe. Lucas Eguibar, aurrealdean, eroso ibili da. Bera eta Glenn de Blois holandarra pasau dira finalerdietara.
Finalerdian Lucas atzean geratu da lehen bihurgunean baina ikusgarria izan da zelan aldatu dauen txandearen norabidea laugarren postutik bigarrenera pasetako. Kanporaketea ederra izan da eta photo-finisa erabili behar izan da. Loan Bozzolo frantziarra helmugaratu da lehen postuan eta donostiarra atzetik. Omar Visintin eskarmentuduna eta Glenn de Blois kanpoan geratu dira.
Finalean, Lucas Eguibarrek hiru aurkari bikain izan ditu aurrez aurre: Kalle Koblet suitzarra, Loan Bozzolo frantziarra eta Merlin Surget frantziarra. Lucas bigarren kokatu da urtekeran, baina lehenengo bihurgunean lehenengo jarteko kapaz izan da. Jauzian Kobletek gainditu dau baina Eguibarrek ez dau arriskuatu gura izan eta bigarren postua ziurtatu dau sailkapen nagusiari begira.
Bestalde, Alvaro Romero Basque Teameko snowboarderrak sailkapena gainditu dau gaur. Halan da be, ez ditu final-zortzirenak igaro, hirugarren izan baita bere txandan.
Sierra Nevadako Munduko bi Kopen ostean, sailkapen nagusia irauli egin da. Lucas Eguibar da liderra 312 puntugaz, Loan Bozzolo frantziarra da bigarren 305egaz eta Omar Visintin italiarra hirugarren 295egaz. Hurrengo probea Veysonnazen (Suitza) jokatuko da, martiaren 15ean eta 16an eta azken biak Mt. St. Anne, Kanadan, martiaren 24tik 26ra.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!