Jarduerak Getxon Frantziako Tourrari harrerea egiteko

Bizkaie! 2023-03-09 11:03   Kirola

Tour Eguna egingo da Getxon martiaren 12an.

Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Frantziako Tourraren atontzaileen ekimen ludiko eta dibulgatiboa da, Bilbok eta Bizkaiko hainbat udalerrik, tartean Getxok, garagarrilaren 1ean Frantziako lasterketearen hasieran izango daben protagonismoa ospatzeko.

Kontuak kontu, Algortako San Nikolas eta Biotz Alai plazetan, dobako jarduerak izango dira domekan edade guztietako jentearentzat, 10:30ean hasi eta 14:30ean amaitu arte. Jardueron artean, erakusketa-eremu bat bisitau ahal izango da, Tourraren historiari eta Bizkaiko txirrindularitzeak proba horretan izandako protagonismoari buruzko informazinoagaz; pumptruck edo abilezia pista bat, ginkana bat eta olgeta-eremu bat egongo dira umeentzat; mekanika-tailer bat be bai; eta hainbat karpa bizikleta elektrikoen hainbat modelo probau ahal izateko; era berean, arrabolezko bizikletan mendateetara igoteko simulazinoa daben pantailak egongo dira; edota bide-segurtasunari buruzko sensibilizazinoa eskainiko da eta Bizkaiko Kirol Egokituaren Federazinoak egokitutako hainbat bizikleta jarriko ditu interesdunen eskura. Tour Egunean kirolaren alderdirik sozialena be landuko da, BizkaiaGaur, lurraldeko persona, erakunde eta erakundeen zerbitzura, herritarren ekintzarako, boluntariotzarako eta komunidade-lanerako gunearen bitartez.

Jaiegun horretan, Foru Aldundiak eta Getxoko Udalak omenaldia egingo deutse Getxoko txirrindularitzeari, kirol horri egindako ekarpenarengaitik eta izandako konpromisoagaitik. Honako honee lana autortuko da: Punta Galea Txirrindulari Alkartea, Ricardo eta Javier Otxoa anaiak, Roberto Laiseka, Iñigo Landaluze, Jonathan Castroviejo, Karmele Arrizabalaga, Roberto Brunet eta Iñigo Mentxaka.

Tour Eguna dala eta, goizeko 11:00etan 20 minutuko bizikleta-martxea egingo da Algortako erdigunean. San Nikolas plazatik urten eta Algortako etorbidea, Mariandresena eta Telletxe igaroko dira ganerako jarduerak jorratuko diran eremura bueltetako. Horregaitik, Udaltzaingoak ibilgailuen trafikoa etengo dau Algortako Etorbidea eta Telletxe lotzen dituan bidegurutzean, 10:45etik 11:30era bitartean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu