Brontzea Jone Magdaleno Basque Teameko taekwondistarentzat AEBetan

Bizkaie! 2023-03-08 08:10   Kirola

Sailkatuta dago maiatzaren 29tik bagilaren 6ra Bakun (Azerbaijan) jokatuko dan Munduko Txapelketarako.

Jone Magdaleno bilbotarraren denporaldia bikaina da. Pariseko Jokoetarako behin betiko sailkapena emongo deutsen puntuak batzen dabil eta Basque Team Fundazinoaren bekea dauen kirolariak beste pauso bat emon dau astegoienean denporaldi emonkor honetan Nevadan jokatutako G2 mailako AEBetako Nazinoarteko Openean brontzezko dominea irabazita, 62 kiloko kategorian.

West Gate Hotel de Las Vegas ekitaldia oso baloratua da teknikarientzat eta lehiakideentzat, izan be, kontinente amerikarreko aurkariak ezagutzeko eta eurekaz lehiatzeko aukerea emoten deutse, Munduko Txapelketa edo Joko Olinpikoak lako nazinoarteko hitzordu handietan jazoten dan moduan.

Kontuak kontu, Jone Magdaleno egungo Europako txapeldunak 0-2 irabazi eutson Elin Sundh suediarrari 32 onenen kanporaketan, Jillian Haxton estadubatuarrari 0-2 irabazi eutson final-hamaseirenetan eta Wan-Ting Lin taiwandarra 1-2 menperatu eban final-laurenetan. Nadja Tesic serbiarrak baino ez eutson eragotzi domina preziatuagoa eroatea, finalerdietan 2-1 gainditu baitzeban bizkaitarra.

Jone Magdalenok brontze estadubatuarra lortu dau Istanbulgo Presidente Kopan lortutako zidarraren ondoren. Bere asmoa Turkiako Edegia be jokatzea zan baina lehiaketea bertan behera geratu zan oraintsu herrialdea astindu eban lurrikarengaitik.

Orain arte lortutako emoitza onei esker, Jone Magdaleno sailkatuta dago maiatzaren 29tik bagilaren 6ra Bakun (Azerbaijan) jokatuko dan Munduko Txapelketarako eta bagilaren 21etik garagarrilaren 2ra Polonian jokatuko diran Europako Jokoetarako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu