Iñigo Martinez de Albornoz Basque Teameko eskiatzailea bikain Munduko txapelketan
2023-03-07 08:00 KirolaDonostiarrak seigarren postua lortu dau esprintean eta laugarren postua errelebu mistoan.
Iñigo Martinez de Albornoz mendiko eskian nabarmendutakoa da nazinoarte mailan, izan be, denporaldiko txapelketarik esperotsuenean, Boi Taüllen, Kataluniako Pirinioetan jokatutako Munduko Txapelketan lortutako azken emoitzak ikustea, besterik ez da behar. Mendiko eskian 2021ean sartu eban Nazinoarteko Batzorde Olinpikoak programa olinpikoan eta debuta egingo dau Milan-Cortina d´Ampezzoko Jokoetan 2026an. Iñigo da hitzordu olinpiko horretara begira euskal ordezkaritzearen barruan jarraitu beharreko kirolarietako bat.
Boi Taülleko Munduko Txapelketan jokatutako lehen proban, esprint lasterketan, Iñigok faseak igaro zituan, indar ikaragarria erakutsiz. Final-laurenak eta finalerdiak gainditu zituan lehen postuan helmugaratuz, energia itzela erakutsiz eta oso azkar erreakzionetako erabagiak hartzeko gaitasuna izanez. Finalean be hasieratik jarri zan aurrean, baina zoritxarrez trantsizinoetako batean harrapatuta geratu eta horrek seigarren postura eroan eban.
Podiumetik gertuago geratu da Munduko Txapelketan jokatutako bigarren proban. Martinez de Albornozek, Marta Garciagaz batera, laugarren amaitu eban atzo errelebo mistoen lasterketea. 25 taldek parte hartu eben sailkapenean, baina 12 azkarrenak baino ez ziran finalean sartu. Zazpi selekzino heldu ziran finalera, Frantzia, Italia, Espainia, Austria eta Suitza bina taldegaz eta Eslovakia eta Alemania bakarragaz.
Ibilbideak igoera bi eta jatsierea izan zituan, 127 metroko desnibelagaz. Emily Harropek Thibault Anselmeti emon eutson erreleboa, abantaila txiki bategaz, nahiz eta gero lasterketea oso bizi jarri. Axelle Gachet-Mollaret eta Robin Galindo Frantziako bigarren taldeak aldea murriztu arren Iñigo eta Marta atzean erritmoari eutsi eutsen. Azken txandea bildurgarria izan zan. Iñigo Martinez de Albornoz jarri zan buruan, baina azkenean Robin Galindok aurrea hartu eutson. Anselmet aurrera bueltau zan oinezko tartearen amaieran eta abantaila estuari eusketa lortu eban. Thibault Anselmet eta Emily Harrop -26:46.5- izan ziran Munduko Txapelketako irabazleak. Frantziako bikotearengandik hamar segundora Giulia Murada eta Nicolò Canclini italiarrak sartu ziran. Podiuma Axelle Gachet-Mollaret eta Robin Galindoren bigarren talde frantziarrak osotu eban. Hamasei segundo geroago helmugaratu ziran Marta Garcia eta Iñigo Martinez de Albornoz, azken momentura arte burrukan dominea hur iksusi ebelako.
Iñigo Martinez de Albornozek lau Munduko Kopa egin ditu denporaldi honetan Munduko Txapelketara heldu aurretik: Val Thorensekoa (Frantzia), Pontedilegno-Tonalekoa (Italia), Morginsekoa (Suitza) eta Val Martellorena (Italia). Behetik gora egin dau, batez be azken proban lortutako emoitzak azpimarratuz, zazpigarren amaitu ebalako esprint proban eta seigarren errelebu mistoetan Marta Garciagaz batera. Denporaldia amaitu aurretik beste Munduko Kopa bitan lehiatuko da: Schladmingekoa (Austria) martiaren 17tik 19ra eta Tromsokoa (Norvegia) apirilaren 12tik 16ra, Euskadiko selekzinoagaz distantzia luzeko Munduko Txapelketan parte hartzeaz gan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!