Prueba Vitoria Frantziako Tourrak Euskadin hasierea izango dauelako

Bizkaie! 2023-03-03 08:08   Kirola

Edizino historikoa ospatuko dau Prueba Vitoriak bagilaren 24an.

Estadu mailako egutegian antxinatasun handienetakoa dauen txirrindularitza probea da. Hori dala eta, Grand Départ Pays Basque 2023ren inguruan izango diran ospakizunetan parte hartzeko aukeratua izan da.

Aurten, Prueba Vitoriak edizino historikoa ospatuko dau bagilaren 24an, 2023ko Frantziako Tourraren urtekerearen inguruan Euskal Herritik egingo diran ospakizunetan parte hartzeko aukeratua izan baita, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik pasauko dalarik.

Sociedad Ciclista Vitorianak bultzatutako proba mitikoan parte hartuko dabenen kamiseta horia izango da Frantziako Tourragaz batera. Era berean, Tourraren aurreko edizinoetan parte hartu daben txirrindulari arabarrak omenduko ditue urtekeran.

Aukeraketa honek errekonozimendu polita dakartso jente askori, hainbat hamarkadatan zehar, edizinoz edizino, La Vitoria estaduko egutegiko txirrindularitza probarik beteranoenetako bat baino askoz gehiago izatea ahalbidetu baitau, adierazo dau aurkezpenean S.C. Vitorianako presidentea dan Hugo Garrigak. Zuzendariak eskertu egin dau inplikautako euskal erakundeek Grand Dèpart Pays Basque gauzatzeko egindako ahalegina, kirola gainditzen dauen mugarri aparta dalako Arabarentzat eta Euskadirentzat.

Bestalde, Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek nabarmendu dau proba hau Gasteizko dekanoetako bat dala, arabarrek egutegietan marketan dabena eta ilusinoz hartzen dabena. Aurten, edizino berezia izango da, Frantziako Tourraren zigiluagaz, gure etxe ondotik pasetako subertea izango baitogu, munduko kirol ekitaldi handienetako bat.

Holan, 41. edizinoan, Garrigak ohartarazo dauenez, La Vitoriak barrikuntza bi aurkeztuko ditu aurreko edizinoakaz alderatuta: Aurtengo proban parte hartuko dabenek, ohiz kanpokoa izanda, kolore horia jantziko dabe parte-hartzaileek, Frantziako Tourreko liderrak bezela. Eta, bigarrenik, Frantziako itzulian parte hartu daben txirrindulari arabar guztiak omenduko dira.

Gasteizko kirol-garapenari jagokonez, probearen koordinatzaile eta Ascentiumeko zuzendari Eduardo Martínezek ondokoa adierazo dau: Zirkuitu bi egongo dira: Bata, tradizionala, 180 kilometrokoa, 2.900 metroko desnibel positiboagaz; eta bigarrena, eskuragarriagoa, 100 kilometroko ibilbideagaz, 1.150 metroko desnibel positiboagaz. Biek ibilbide zorrotza baina irisgarria eskaintzen deutse txirrindulariei.

Proban parte hartzen daben parte-hartzaileen kopurua bostehunetik gorakoa izatea aurreikusi  zan baina kopuru hori gainditu egin da eta oraindino hile batzuk falta dira parte hartzeko. Inskripzinoa egin daben personen heren bi Araban edo Bizkaian eta Gipuzkoan bizi dira eta ganerakoak Estaduko hainbat lekutakoak dira. Datu esanguratsu bat emakumeen presentziaren hazkundea da, beste edizino batzuekaz konparauta ia bikoiztu egin baita, % 4tik % 7,2ra.

La Vitoriako atontzaileek txirrindularitza zaletuek izena emon eta historiara pasauko dan proba batean parte hartzea gura dabe, bai nazinoarteko errekonozimenduagaitik, bai Frantziako Tourragaz batera ibilteagaitik be. Probarako izen-emoteak www.pruebavitoria.es webgunearen bidez egin beharko dira eta ordaindutakoari esker, aukera ahaztezin honetarako Santinik egindako kamiseta berezia jasoko dabe parte-hartzaileek. Ibilbide luze osoan zehar, parte-hartzaileek mokadua hartzeko lekuak izango ditue eta ibilbide laburrekoek, barriz, bi. Danantzako helmuga osteko bazkaria eta beste hainbat zerbitzu izango ditue.

Ekitaldiari buruzko informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu