BilbaoArtek zinemearen ganeko lau proiekzino ziklo eskainiko ditu
2023-03-01 13:24 ZinemeaLehenengoa martiaren 1ean izango da: Tokyo-Ga (1985), Wim Wendersena.
BilbaoArtek martian ekingo deutso bere Art House Zinemako programazinoari, sorkuntza artistikoa ardatz hartuta.
BilbaoArtek, Bilboko Udalaren produkzino artistikoaren zentroak, 2023 honetan zehar Art House Zinema-aretoan arte-jardunari buruzko lau proiekzino-ziklo atondu ditu Fuera de Campogaz dauen lankidetzeari esker. Zortzi filmeko ziklo bakotxak saio berezi bat izango dau, zuzendaria bertan dala, jardunean dagozan zinemagileei ikusgarritasuna emoteko.
Fuera de Campoko arduradun diran Maite Choyak eta Daniel Alegretek adierazo dabenez, zikloko filmek artearen eta zinemearen arteko topaguneak proponiduten ditue: Alde batetik, artistearen figura tradizionala birpentsau eta bere sormen prozesura hurrreratzea da asmo, baita ingurune zinematografikoa beste diziplina batzuekaz buztartzea be. Era berean, museoaren eta zinemearen arteko hartu-emonak eta erakusketa lekuak ikuslearen begiradea zelan baldintzatzen dauen kontuan hartzen saiatzen da.
BilbaoArtek aurten eskainiko dituan lau zikloetako lehena, Work in process izenekoa, martiaren 1ean hasi eta apirilaren amaieran amaituko da. Lehen multzo honen aukeraketeak fikzinozko zein fikzinozkoak ez diran hainbat film batzen ditu. Sormen-prozesuaren parte diran faseetan zehar ibilbide bat proponiduten da, inspirazinotik azken obrea gauzatu arte. Artistak izakera askotakoak dira eta horrek margolariak, musikariak edo zinemagileak batzen ditun mosaiko bihurtzen dau ziklo hau.
Horrezaz gan, martiaren 22an, arratsaldeko 19:00retan, zuzendarien arteko bat izango da BilbaoArten, Bruno Delgado eta beragaz barriketaldia egingo da proiekzinoaren ondoren.
Work in Process (Martiaren 1etik apiriliaren 26ra):
Martiak 1, 19:00. Tokyo-Ga (1985), Wim Wenders. 89’.
Martiak 8, 19:00. El contrato del dibujante (1982), Peter Greenaway. 103’.
Martiak 15, 19:00. Level 5 (1997), Chris Marker. 104’.
Martiak 22, 19:00. Un baile con Fred Abstrait + Una película en color (2020), Bruno Delgado. 58’. + Barriketaldia zuzendariagaz.
Martiak 29, 19:00. 20.000 días en la tierra (2014), Iain Forsyth, Jane Pollard. 97’.
Apirilak 12, 19:00. Ne Change Rien (2009), Pedro Costa. 100’.
Apirilak 19, 19:00. Free Radicals: A History of Experimental Film (2011), Pip Chodorov. 82’.
Apirilak 26, 17:00. La bella mentirosa (1991), Jacques Rivette. 230’.
Sorkuntza-prozesua ardatz dauen lehen ziklo horren ondoren, beste hiru ziklo etorriko dira, artisten figurari eskainitakoa, artea erakusteari lotuta egon diran espazioei eskainitakoa eta, azkenik, arte-zuzendaritza produkzinoaren elementu nagusi lez hartzen daben filmei eskainitakoa.
Maiatza eta bagila bitartean, Biopic-a baino harago zikloa eskaintzea da asmoa, artista baten irudiaren inguruko filmak erakutsiz baina biopic formatu tradizionaletik urrun. Film horreek askotariko zinemagileen ahots autoralaren bitartez, artistearengana eta bere konplexutasunakana hurreratzeko aukerea egongo da, erretratautako artistearen eta erretratetan dauen artistearen arteko loturea ezarriz. Horreetako bakotxa zinemagilearen berezko uniberso zinematografikoaren barruan kokatzen da eta, oro har, arteari buruzko hainbat ikuspegiren collage bat eskaintzen dabe, baita zinema modernoaren hainbat jokeratako ibilbide historiko bat be.
Udea pasauta, hirugarren zikloaren txandea izango da, tradizinoz artearen erakusketeari lotuta egondako espazioetan filmautako hainbat pelikulaga eskainiko dituelarik. Film horreek museoaren ideara hurreratzea dakare, baita museoaren historian eta aurrez aurre izan dituan aldaketetan zehar ibilbidea egitea be.
Urteko azken zikloan, arte-zuzendaritzeak aparteko garrantzia daben pelikulak izango dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!