'Bigarren ekitaldia' dokumentala Bilbon
2023-02-28 10:36 ZinemeaPabilioi 6 Aretoan eskainiko dabe martiaren 3an, 20:00etan.
Bigarren ekitaldia (Segundo Acto) dokumentalaren proiekzinoagaz ekingo deutse martiari. Filmak ideia hau dau oinarri: Edozein uritako eraldaketearen prozesuak espazio alternatiboak sortzea bultzatu behar dirala, kulturea planteamendu edegi eta barritzaile legez ulertuz. Hori dala eta, adibidetzat hartzen dau Pabilioi 6 espazioa eta honen 10 urteko ibilbidea.
Hainbat jaialditatik igaro ondoren (ZINEBI, Madrilgo Zinemaldia FCM-PNR, FICARD 2022) eta FICARDen Dokumental Onenaren saria jaso ostean, dokumentala Pabilioi 6 Aretoan erakutsiko da, grabau zan lekuan bertan.
Pabilioi 6 sortu zanetik hamar urte bete diranean, sortzaileek eta hainbat aktore, ensegu artean barriketan dabiz zarrategi zahar bat kulturea erakarteko gune bihurtzeak zer ekarri dauen.
Dokumentala Ainhoa Urgoitiak eta Enrique Reyk zuzendu dabe alkarlanean. Bertan Ander Entziondo arkitektoaren, Ramón Barea, Irene Bau, Itziar Lazkano, Maria Goiricelaya, Borja Ruiz, Sandra Tejero eta Ioritz Benito aktoreen testigantzak jasoten dira, Pedro Bareagaz batera.
Ordubeteko iraupena dauen filma barikuan, martiaren 3an, arratsaldeko 20:00etan ikusteko aukerea egongo da eta ondoren, ikusleakaz barriketaldia izango da. Sartzea doban da, baina beharrezkoa da aurretiaz erreserbea egitea www.pabellon6.org webgunean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!