IV. Mendi Film Bizkaia-Ternua bekea iragarri dabe

Bizkaie! 2023-02-27 12:11   Kirola

Zuzendari gazteak eta zuzendari barriak sustatzea da helburua.

Alberto Iñurrategi, Lorea Bilbao Ibarra eta Jabier Baraiazarra | Ikusi handiago | Argazki originala

Mendiko Kultureagaz lotutako zinemagintzea eta ikus-entzunezko produkzinoen munduan zuzendari gazteak eta zuzendari barriak sustatzeko helburua dau.

Bizkaiko Foru Liburutegiko prentsa aretoan agertu dira: Lorea Bilbao, Euskera, Kultura eta Kirol Foru Diputatua; Alberto Iñurrategi, Mendi taldearen eta Ekitaldien koordinatzailea Ternua Group-en; eta Jabier Baraiazarra, Mendi Film Alkarteko Presidentea.

Bekeak, hautatutako proiektua garatzeko 10.000 euroko diru-laguntzea eta aholkularitza programea eskainiko ditu.

Bekea jasoteko aukerea izango dabe Espainian bizi diran 18 eta 35 urte bitarteko gazteek edota edadea beste bat izanik be euren lehen lana aurkezten dabenek.

BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia mendi zinemaldiaren 17. edizinoan plazaratuko da sortzen dan filma, 2024ko abenduan.

Proiektuan inskribiduteko deialdia 2023ko zezeilaren 27an zabaldu eta 2023ko maiatzaren 31ean zarratuko da. Oinarriak eta izena emoteko formularioa hemen.

Sortze prozesuan, edo hasieran dagozan proiektuak onartuko dira, ez amaituta dagozanak.

Oinarrietan ezarritako baldintzak beteten dituen proiektuak aztertzeko, bost laguneko lantaldea batu da:

- Lara Izagirre, zinegilea.

- Alberto Iñurrategi, mendizalea.

- Itziar Garcia, zinema produktorea.

- Aitor Gisasola, zinegilea eta ikusentzunezko irakaslea.

- Jabier Baraiazarra, Mendi Film Alkarteko zuzendaria.

Mendiko kulturearen altzoan, mendian egin edo egin daitekezan jarduerak batu daitekez, besteak beste, alpinismoa, eskaladea, eskia, abenturea, esplorazinoa, jarduera kulturalak, linguistikoak, artistikoak, ekonomikoak… Danak mendiko esparruan garatu behar dira.

Jarduera horreen eragile aktiboak dira bekearen babesleak:

Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldearen izana eta izakerea hartzen ditu bere gerizpean, hareek jagotea eta ezagutzea sustatuz.

Ternua Group outdoor erropa enpresa erreferentea da, ingurumenagaz konpromisoagaitik nazinoartean saritua eta konpromiso hori ardatz hartuta ikerketea eta garapena lantzen ditu.

Mendi Film Alkarteak BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia nazinoarteko mendi zinemaldia eta Mendi Tour zirkuituaren bidez lau haizetara zabaltzen ditu Mendiko Kulturearen inguruko mezuak eta zinema genero horren industria jagoten dauen International Alliance for Mountain Film alkarteko kide da.

4. edizinoa

2020an egin zan Mendi Film Bizkaia-Ternua Bekearen lehen deialdia eta ordutik pelikula bi estreinau dira Mendi Filmen eta hirugarren bat lanketa bidean da.

Tamara Lucarini zuzendari euskaldunaren Txango pelikulea izan zan lehen emoitzea, 2021eko Mendi Filmen estreinau zana. Lau lagunen arteko hitzordu Bilbotik Pagasarrira joateko. Lau neska, hainbat jatorritakoak, mendirako ohitura barik mendiaren atxakian batzen diranak.

Marina Garcia Andreu zuzendari kataluniarrak jaso eban laguntza Bekearen bigarren deialdian Lobos proiektuagaz. Pelikulea 2022ko Mendi Filmen estreinau eben. Asturiasen, landa giroko herrixketan otsoaren presentziak sortzen dauen egonezina eta siniskeriak ditu ardatz.

Txango eta Lobos Mendi Tour zirkuituan ikusi daitekez, Mendi Filmeko pelikula onenakaz batera osotutako programazinoetan. Urtarriletikzemendira, Espainia osoko 50 bat herri edo uritara heltzen da Mendi Tourra.

Bekearen 3. deialdiko proiektu irabazlea lanketa prozesuan dago orain. Leire Egaña zuzendari euskaldunak hartu dau lekukoa Bost bide pelikularen egitasmoagaz. Mendizaletasunaren oinarri nagusietakoa jorratuko dau bertan: bidea alkarbanatzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu