‘Basque Team 2023 Bekak’ eskatzeko epea zabalik dago

Bizkaie! 2023-02-24 07:58   Kirola

Helburu nagusia Fundazinoaren eginkizunari jagokon goi-mailako euskal kirola sustatzea da. 

Basque Team Fundazinoko Patronatuak 2023. urteko goi-mailako kirolarientzako bekak emoteko arauak onartu ditu. Eskaerak aurkezteko epea zabalik dago eta oinarriak Euskal Herriko Agintaritzearen Aldizkarian argitaratuta. Oinarriak oso-osorik konsultau eta deskargau daitekez hemen

Laguntzak kirol ez-profesionalari zuzenduta dagoz kirol-modalidade olinpiko eta paralinpikoetan.

Basque Team 2023 bekek laguntza ekonomikoak eta laguntza-zerbitzuak aurreikusten ditue (zerbitzu biomedikoak, kirol-prestakuntzea optimizetako zerbitzuak, kirol-psikologia, kirola eta ibilbide akademikoa buztartzeko laguntzea, kirol-ibilbidea amaitzean laneratzeko prozesuan laguntzea, irudi eta komunikazino-zerbitzuak...). Beharrezko baldintzak beteten dituen teknikari espezializatuek be eskatu leikiez Basque Teameko laguntzak, baita goi-mailako epaileek be. Era berean, errendimendua hobetzeko laguntza osogarriak eskatzeko aukerea izango dabe bekadunek eta goi-mailako probetan lortutako bikaintasun-emoitzakaitik be sariak lortuko ditue (konsultatu oinarriak).

Bekok jasoteak urte osoko kirol jardunari eusteko konpromisoa betetea dakar, joko garbiari, dopinaren kontrako eta bardintasunaren aldeko burrukei eta beste hainbat alderdiri jagokezan arauak aintzakotzat hartuz. Bekea eskatzerakoan, beharrezkoa da nazinoarteko azkenaldiko kirol emaitzarik garrantzitsuenak biltzen dituen kirol curriculuma aurkeztea, baita 2023. urte osorako plangintzea be, baita helburuak eta kirol-lehiaketen egutegia be.

Bekea emoteko kontuan hartuko dira nazinoarteko kirol-lehiaketetan (Europako eta Munduko txapelketak eta Joko Olinpiko eta Paralinpikoak) 2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean izandako emoitzak, kategoria absolutuan. Edozelan be, bekeari eusteko, salbuespenez, kontuan hartuko diraumealdia, lesinoak edo osasun fisiko edo mentaleko iraupen luzeko eta larritasun handiko arazoak dirala-eta kirola egitea eragotziko leukien justifikazinoak.

Bekak

1.- Basque Team Kirolariak bekak:

Entrenau eta lehiatzeko beharrezkoa eta lehentasunezkoa dan dedikazinoa bermatzeko laguntzak dira. Probearen arabera izan daitekez:

Basque Team beka programa olinpikoa.

Basque Team beka programa paralinpikoa.

2.- Basque Team Teknikariak bekak:

Basque Team Kirolariak edo Atzeraeraginezko Basque Team beka baten onuradun dan kirolaria preparetako arduradun nagusiari zuzendutako laguntzak dira.

3.- Atzeraeraginezko Basque Team bekak:

2022an Basque Team Kirolariak beka baten onuradun izan diranentzako laguntzak dira, baldin eta urte horretan eskatutako emoitzan parte hartu ez badabe edo lortu ez badabe.

4.- Basque Team Support bekak:

Basque Team Kirolariak beketara sartzerik ez izan arren, 2022ko denporaldian programa olinpikoan sartutako banakako edo taldeko proben Munduko txapelketetan edota Europako txapelketetan parte hartu izana egiaztatzen daben kirolarientzako laguntzak dira.

5.- Basque Team Epaileak bekak:

2022an lehiaketa jakin batzuetan parte hartu daben epaileentzako laguntzak dira, jagokon nazinoarteko kirol-federazinoak egindako deialdi ofizialaren ondoren eta jokoa garatzeko arau teknikoak eta kirol-arauak aplikauta lehiaketak garatzen modu aktiboan parte hartzen daben epaileentzat.

Bikaintasun proiektuak

Basque Team Fundazinoak laguntzak emongo deutsee Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-erakundeei, nazinoarteko goi-mailako kirol-lehiaketan euskal ordezkaritza handia izatea eta goi-mailako kirol-emoitzak lortzea ahalbidetuko daben goi-mailako proiektuetarako.

Laguntzak euskal kirolarien partaidetza olinpikora bideratutako proiektuak gauzatzeko eskainiko dira, oro har, martxan dan Udako Jokoetarako zikloan (Paris 2024) edo hurrengoan (Los Angeles 2028), edo Neguko Jokoetarako martxan dagoan zikloan (Milan-Cortina d´Ampezzo 2026).

Kirol-proiektuak goi-mailako kirolariak diran euskal kirolarientzat sortu eta bideratuko dira, bai eta kirol-ibilbideagaitik edo lortutako emoitzakaitik, eskaerea egiten dan unean goi-mailako maila lortzeko puntuan dagozan euskal kirolarientzat be.

Kirol proiektuak olinpiar programearen barruko probetara zuzenduta egongo dira.

Laguntza haoneetatik kanpo geratzen dira Basque Team Fundazinoagaz akordioa edo hitzarmena sinatuta daben kirol-erakundeek garatutako goi-mailako kirol-proiektuak, estrategikoak edo lehentasunezkoak diralako. Proiektu estrategiko horreek surfeko, slalom piraguismoko, neguko kiroletako eta kirol egokituko modalidadeei edo diziplinei jagokezanak dira. Liga profesionaletan parte hartzen daben kirol-erakundeak be kanpoan geratzen dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu