EZAE-k euskal estreinaldiak babestuko ditu, ‘Bidaiariak zinera!' kanpainearen bidez

Bizkaie! 2023-02-23 12:35   Zinemea

Bidaiariak zinera zezeilaren 24an hasiko da Irati filmaren proiekzinoagaz.

EZAE-k, Euskadiko Zinema Aretoen Alkarteak, euskal zineari babesa emotea helburu dauen Bidaiariak zinera! kanpaineari ekingo deutso barriro. Ekimena EZAEren eta Zineuskadiren arteko lankidetzeari eta Eusko Jaurlaritzearen finantziazinoari esker sortu da eta Euskadi osoko 79 aretotan jarriko da martxan. Horri esker, euro biko deskontua izango dabe ikusleek zinemako sarrerearen prezioan, euskal estreinaldiez gozetako.

Euskal Herriko eta Europako filmak sustatzea da asmoa eta milaka ikusle erakarri ditu 2015eanmartxan jarri ebenetik. Ordutik hona, hamabostero euskal produkzino bat sartuko da kanpainan eta aukerarik egongo ez balitx Europako film bat.

Promozino honetan sartuko dan lehenengo filma Irati izango da eta datozen hileotan beste euskal pelikula batzuk izango ditugu, besteak beste, Los caballos mueren al amanecer, My way out, 20.000 especies de abejas, A los libros y las mujeres canto eta Tetuán. Behin betiko egutegia aurrerago osotuko da, hainbat euskal filmen estreinaldi-datak zehazteagaz batera.

Bidaiariak zinera! kanpainea nabarmen errotu da euskal zinemazaleen artean. Euskal Herriko eta Europako kultur sorkuntzea bultzatzeaz gan, Eusko Jaurlaritzeak Zineuskadiren bidez babesten dauen ekimen honen helburua da ikusleak zinema-aretoetara joatea, horreek baitira pelikula batez gozetako eszenatokirik onena. Hain zuzen be, publikoa zinema-aretoetara erakartea da kulturea sustatzeko daben ahalmena autortzea dira, baita bertoko eta Europako filmak bultzatzea eta arte zinematografikoa zabaltzea be.

Kontuak kontu, EZAE-ko zortzi bazkidek (20 zinema-areto eta 79 Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban) bat egin dabe kanpaineagaz, izan be, ekimenean parte hartuko dabe SADE taldeak Donostian dituan hiru zinema-aretoek: Principe, Antiguo Berri eta Trueba; Areto taldearen Durangoko Gran Cinema Zugaza, Muskizeko Meatzari, Getxo Zinemak, Bermeoko Nestor Basterretxea eta Mungiako Olalde; Bilboko Golem Alondiga eta Multicines; Gasteizko Gorbeia eta Florida aretoak; Beasaingo Usurbe Antzokia; Zarauzko Modelo Aretoa; Errenteriako Niessen zinemak; baita Hirutek enpresako zinema aretoek be: Andoaingo Bastero kulturgunea, Zumarragako Zelai Arizti, Villabonako Gurea aretoa, Oñatiko zinea eta Lazkaoko Areria zinema.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu