Ander Elosegi piraguista olinpikoak agur esan deutso ibilibide profesionalari

Bizkaie! 2023-02-17 07:57   Kirola

Basque Teameko piraguisteak agur esan deutso goi mailako lehiari.



Irungo palistea da lau Olinpiar Jokotan parte hartu dauen euskaldun bakarra, gizonezkoetan.

Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak, Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzaileak, Olatz Alkorta Euskal Kanoe Federakuntzako zuzendari teknikoak eta bere kirol ibilidean lagun izan dituan hainbat kirolarik lagunduta, Ander Elosegik eslalon piraguismoari agur esateko erabagia hartu dauela jakinarazo dau 17 urtez kirol horretan goi-mailako lehiaketan ibili ondoren.

Txikitatik diziplina honi lotuta, Santiagotarrak klubean, Ander Elosegik agur esateko momentua dala erabagi dau, nahiz eta modu ludikoagoan hainbeste poz emon deutsozan eslalonagaz bat egiten jarraituko dauen.

Berezko talentua izan da beti Anderren nortasunaren ezaugarrietako bat. 2006an nazinoarteko mailan debuta egin arren, gatxa zan aurreikustea aurrerago etorriko ziran arrakasta guztiak eta kirol-ibilbide luzea. Ander Elosegik 13 Munduko Txapelketa, Europako 15 txapelketa eta 43 Munduko Kopa jokatu ditu maila absolutuan eta lau Olinpiar Jokotan lehiatu da. Gainera, aitatutako lau Jokoetan finalerako sailkatu da, lau diploma olinpiko lortuz: Laugarren izan zan Beijingen, 2008an; laugarren Londresen, 2012an; zortzigarren Rio de Janeiron, 2016an eta zortzigarren Tokion, 2021ean.

Ander Elosegik ibilbide oparoa izan dau eta euskal kirol olinpikoaren eredu bihurtu da. Euskal Autonomia Erkidegoan ez dago hainbeste aldiz olinpo horretara heldu dan beste gizonik, banakako kirolak eta kirol kolektiboak kontuan hartuta. Gipuzkoarrak, ganera, hurrengo belaunaldientzat eredu izango dan dotorezia erakutsi dau. Anderrek kanoa modalidadean egin ditaen jatsieren plastikotasuna eta liraintasuna betiko geratuko dira zale guztien erretinan.

Piraguisteak bizitza osoa emon dau bere kirolean, baina momentua heldu da beste alderdi batzuk zaintzeko, besteak beste, familia eta lagunak, edo erronka barriei denporea eskaintzeko, laneratzea eta beste esparru batzuk, injinerutza informatikoa, esaterako. Ander ilusinoz dago bere bizitzako beste alderdi batzuk lantzeko, baina aukerea aprobetxau nahi izan dau urte honeetan guztietan bere kirol-ibilbidean babesa emon deutsen pertsona guztiei eskerrak emoteko.

Eskertu nahi dot urte honeetan guztietan jaso dodan babesa. Eskerrak emon nahi deutsedaz familiari, lagunei, klubari eta entrenatzaileei, batez be hainbat urtetan nire ondoan izan dan Xabier Taberna teknikariari, lankide, taldekide eta lagunei eta urte honeetan guztietan neugaz egon diran babesle eta erakunde guztiei azpimaratu dau Elosegik.

Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak Ander Elosegik euskal kirolaren historian izan duaen indarra nabarmendu dau: Ander lau Joko Olinpikotan lehiatu dan euskal gizonezko bakarra da. Gainera, jokatu dituan hitzordu olinpiko guztien finalean sartu da eta horreeetako bakotxean diploma bategaz etorri da etxera. Elosegi, beraz, euskal olinpismoaren historian betirako leku nabarmena beteko dauen kirolaria izango da, gure kulturarako elementu baliotsua.

Beste alde batetik, Ander Basque Teameko ikurretako bat izan da eta da. Sortu zanetik Fundazinoaren bekea jaso dau. Ander Elosegik datozen belaunaldien erreferente izateko ezaugarriak batzen ditu. Lehenengo eta behin, persona zintzoa da, bigarren arpegirik ez dauena, akats eta bertuteakaz baina bere printzipioei sekula traizinorik egiten ez deutsena”, gaineratu dau Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzaileak.

Ander Elosegiren ibilbidean, lehen aitatutako lau diploma olinpikoak nabarmentzen dira, 2019an Seu d´Urgelleko Munduko txapelketan irabazitako zidarrezko dominea, 2016an Liptovskyko Europako txapelketan irabazitakoo brontzezko dominea, 2010ean Seu d´Urgellen irabazitako Munduko Kopako brontzea, 2011ko Argentiereko Munduko Kopako zidarra eta 2013ko Seuko Munduko Kopako zidarra.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu