Estibaliz Urresolaren '20.000 erle espezie' lanak Berlinen egingo dau mundu mailako estreinaldia
2023-02-16 11:12 ZinemeaBerlinale Talents-ek Mikel Gurrea eta Maddi Barber euskal zinemagileak aukeratu ditu.
73. Berlingo Nazinoarteko Zinema Jaialdiak Euskal Herriko zinemagile ugari batuko ditu barriro be. Aitamen berezia merezidu dau Estibaliz Urresola Solagurenen 20.000 erle espezie lanak, munduko jaialdi garrantzitsuenetako batean egingo baitau mundu mailako estreinaldia. Sail Ofizialean bere opera primagaz lehiatuko dan lehenengo emakume espainiarra izango baita.
Solagurenen bere azken film laburragaz, Cuerdas lanagaz, hain zuzen be, upealako erantzuna izan ondoren, zuzendari arabarrak bere lehen film luzea aurkeztuko dau. Nabarmentzekoa da film laburragaz Fikzinozko Film Labur Onenaren Goya Sarirako izentau ebela eta Cannesko Kritikearen Asteko Le Rails d' or Saria irabazi ebala.
Kontuak kontu, Gariza Films, Inicia Films eta Sirimiri Films enpresek produzidu dabe 20.000 erle espezie filma. Cocoren istorioa azaltzen deusku, ez da eroso sentiduten ganerakoek berarengandik espero dabenagaz eta ez daki zergaitik. Inguruko guztiek Aitor deitzen deutsen arren berak ez dau bere burua izen horregaz identifiketan. Anek, haren amak, udako oporraldia erabiliko dau bere hiru seme-alabakaz jaioterrira bueltetako. Bertan Lita amamagaz zein izeko Lourdes erlezainagaz alkartuko da. Uda erabagior honek hiru belaunalditako emakume horreen bizitzak eraldatuko ditu euren bildur eta dudei aurre egitera behartuz.
Esan euskuenean sinistu ezinik gengozan, baina oso hunkigarria izan zan. Ez neban holakorik espero. Beti egin izan dot egin behar nebala pentsetan izan dodana eta bost urteko lan handiko prozesua izan da. Lana aurkezterakoan itxaropen apur bat bageunkan baina egia esan sorpresa handia izan zan aukeratuak izatea, adierazo dau zuzendariak.
Bestalde, maila estetikoan ausartak diran zinemagile independente eta barritzaileen lanak sustatzea helburu dauen Encounter Sailak Samsara filma aukeratu dau aurtengo edizinorako. Lois Patiñok zuzendutako eta Señor y Señora etxeak produzidutako film luzea da eta bertan, zuzendariak, heriotzeari buruzko hausnarketea egiten dauen erlijinotasun budistearen ikuspegitik.
Berlinale Talents
Berlinale Talents-ek euskal zinemagile bi, Mikel Gurrea eta Maddi Barber, hautatu ditu aurtengo edizinoan parte hartzeko. Zuzendari donostiarra Suro opera primagaz lortutako erantzun bikainaren ostean helduko da hitzordura. Filmak mundu mailako estreinaldia egin eban Donostia Zinemaldian eta kritikarien eta ikusleen aldetik eretxi onak jaso zituan. Gainera, Goya sarietarako izentapen bi be izan zituan; garrantzitsuena, Zuzendaritza Barri Onenaren sarirako hautagaitzea. Gainera, oraintsu Zuzendari Barri Onenaren Gaudi Sari ospetsua irabazi eban Gurreak. Zinemagilearentzat, Berlinale Talentsen parte hartu ahal izatea erregalu bat da. Munduko zinemaldi garrantzitsuenetako bat da eta hautaketa honek aukerea emoten deust lehen lotura bat izateko eta zinemagileakaz hartu-emonetan jartzeko. Etorkizuneko proiektuetarako kontaktu interesgarriak sortzeko aukera ona izan daiteke.
Aldi berean, Maddi Barber aukeratu dabe topaketa honetan parte hartzeko. Zuzendariaren esanetan, Berlinale Talentsen parte hartzeak dakarren gauza garrantzitsuenetako bat ezagutzen ez dozun jenteagaz denporea eta espazioa konpartidu ahal izatea da. Ez daukat helburu zehatzik, datorrena datorrela. Urte garrantzitsua izango da zinemagilearentzat, Donostia Zinemaldiak Tabakaleragaz eta Elías Querejeta Zinema Eskoleagaz batera atontzen dauen Ikusmira Barriak programan parte hartuko baitau.
Berlín Critic’s Week
Zinemalditik kanpo, Berlin Critic's Week 2023 ekimenaren barruan, Misión a Marte filma ikusi ahal izango da. Amat Vallmajor del Pozoren opera prima Vitrine Filmesek, Elías Querejeta Zinema Eskoleak eta Muxika Zinemeak produzidu dabe. Txominen istorioa aurkezten deusku. Lanik barik dagoan euskal arkeologoa da eta Marteko peritu baten enkargua jaso dau. Bere anaia Gene gidari dauela, Eibartik abiatu dira, Espainiako iparraldean barrena.
Aurrekoetan legez, Basque. Audiovisual ekimenak Berlingo merkatuan espazio bat izango dau, Cinema from Spain atariari lotua eta hor Bizkaiko pizgarri fiskal barriei buruzko informazinoa eskainiko dau. Era berean, euskal markeak hainbat ekitaldi atondu ditu, euskal presentzia nabarmena ospatzeko eta onuragarriak izan daitekezan nazinoarteko hartu-emon barrien sorrerea sustatzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!