Izaskun Arandiaren 'My Way Out' zinema-aretoetan estreinauko dabe martiaren 31n

Bizkaie! 2023-02-15 10:53   Zinemea

Transgenero Ikusgarritasunaren Nazinoarteko Egunean, hain zuzen be.

Izaskun Arandia produktore eta gidoilariak (Non dago Mikel?) film luzeen errealizazinoan ekin eutson, espazio publikoetako trans esperientziari buruzko film konprometidu eta aktibisteagaz. My Way Out Donostiako Zinemaldiko Zinemira Sailean izan eban munduko estreinaldia eta istorio gogorrak islatzen dituan arren, itxaropenez, alaitasunez eta disko musikaz betetako filma da.

2016. urtean Izaskun Arandia, beste proiektu bat lantzen egoala, Vicky Lee ezagutu eban, The WayOut jantzalekuaren jaubea, Londresko trans komunidadearentzako erreferentziazko kluba. Aisialdirako eta dibertimendurako lekua izateaz gan, bada trans persona askok euren esperientziak konpartiduteko espazio bat, bizitzea arriskuan jarteko bildur barik askatasunean adierazoteko aukerea emoten deutsena. Lehen topaketa harek motibau eban zuzendaria et lokal horren historia kontetako ardurea hartu eban, ia hiru hamarkadetako existentziaren barri emoten daben testigantzen eta artxiboko irudien bidez: "Gure filman Londresko The WayOut klubaren bitartez lotutako bost lagunen biziraupenaren istorioa kontetan dogu" -dino Arandiak- "eta esperientzia oso gogorrak deskribiduten dituan dokumentala be bada, itxaropenez, alaitasunez eta disko-musikaz betetako filma, besaulkitik altzau eta jantzan hasteko deia egingo deuskuna". Filmak beren transizinoa Ingalaterran bizi izan eben trans personen esperientzia jasoten dau, adierazoteko hizkuntzarik ez egoan momentuan eta baita transidentidadea oraindino be tabua dan beste kultura batzuetatik etorritako persona gazteagoenak be.

Londresko The WayOut trans jantzaleku eta Vicky Lee haren sortzaileari buruzko dokumentala. Jantzalekuak 30 urte beteko ditu laster eta atzera begirada bat egin dogu Londreseko trans eszenearen azken 3 hamarkadetan sakonduz eta leku seguru eta parebako honek trans komunidadean dauen eragina aztertuz.

My Way Outen premièrea, Izaskun Arandiaren opera prima, Donostiako 70. Zinemaldian izan da, Zinemira sailean. Datorren martiaren 31n, aretoetara helduko da Atera Films banatzailearen eskutik, Transgenero Ikusgarritasunaren Nazinoarteko Eguna ospatzeko. Miren Aperribayk, konpainiaren arduradunak, film luze honetan dauen inplikazinoa azaldu dau: "Hasieratik ezagutzen dot proiektua eta begitantzen jat oso sakon aztertzen dauela trans gaiak gaur egun dauen garrantzia. Izaskun, sortzen dauen guztia modu ordenatuan eta adimentsuan irudietan irudikatzeko gaitasuna dauen zuzendariak ederra dakar, My Way Out danok ikusi nahi dogun 'feel good' filma, hain zuzen be".

Bestalde, Izaskun Arandiak ondokoa autortu dau: "Film hau egitean gehiago jaubetu naz persona cis lez dodan pribilegioaz eta espero dot ikaskuntza-esperientzia hori publikoari transmitidu ahal izatea eta My Way Out-ek trans komunidadeari ikusgarritasuna emotea". My Way Out Izar Films eta AltContent-en produkzinoa da.

Izaskun Arandia

Quiet (2008) edo Night Shift (2017) lako film laburren zuzendaria, Arandiak ibilbide luzea egin dau dokumentalen produkzinoetan: To Say Goodbye (2012), Muga Deitzen da Pausoa (2017) edo 2 Urte 4 Hilabete eta Egun 1 (2020). 2021ean, Non Dago Mikel? dokumental arrakastatsuaren produkzinoaz arduratu zan. Urte horretan bertan, websailetan estreinau zan Ni Naiz Naizena ikus-entzunezko saritua zuzentzen. My Way Out da zuzendari lez egin dauen lehen film luzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu