Silver Film Festival edadekoei ikusgarritasuna emongo deutsen lehenengo jaialdia

Bizkaie! 2023-02-14 07:59   Zinemea

Zezeilaren 15ean hasiko da Bilbon.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Amaia Agirre Getxoko Alkateak zinema eta senior munduaren inguruko beste jarduera batzuk buztartzen dituan Silver Film Festival (S/FF) ekimenaren lehenengo edizinoa aurkeztu dabe. S/FF hilaren 15ean jarriko da martxan Campos Eliseos Antzokian eta zezeilaren 25ean amaituko da Getxon.

Silver Film Festival (S/FF) edozeinentzako proposamen barritzaile eta garaikidea da, entretenidu eta edadeko personen ikusgarritasuna erraztu nahi dauena. Bilbon (zezeilaren 15etik 17ra, Campos Antzokian eta Guggenheim Bilbaon) eta Getxon (zezeilaren 23tik 25era, Romo Kultur Etxean) egingo da eta film eta dokumentalez gan, senior munduagaz lotutako hainbat jarduera be eskainiko ditu.

Zinemaldi honen idea Marian Gerrikabeitia zuzendariak 2018an egin eta kaleratu eban ¿A dónde vamos? izenburupeko dokumentalaren ondorioz sortu zan. Sasoiotan edadez nagusi izateak zer esan gura duaen ikertu nahi eban errealizadoreak eta proiektuak senior personakana hurreratzeko aukerea emon eutson. Bizi dogun gizarte- aldaketeagaz batera – 65 urtetik gorako persona gehiago dagoz 5 urtetik beherakoak baino eta bizi-itxaropen handiagoa dabe –; erabilten ditugun kontzeptuak, gizarte mailan, barriro zehazten behartzen gaituen errealidadeak dira. Edadeak ez deusku persona helduen kolektiboa identifiketako balio, ez baita talde bakarra, beste era batera ikusi eta aintzat hartzea nahi daben persona anitz eta heterogeneoak baino, Marian Gerrikabeitiak adierazo dauenez.

EDE Fundazinoak eta TU YO Produkzinoak erakundeek sustatuta eta Eusko Jaurlaritzearen, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko eta Getxoko Udalaren, BBK Fundazinoaren eta SGAE-ren babesari esker, jaialdia hiru ataletan egituratu da: Lehenengoa zinema erakustaldia da, 12 film luze eta film laburrak eskanikiko dituana, Espainiako eta nazinoarteko gaiak eta errealidadeak eta fikzinoak landuko dira. Bigarrenik, komunikabideakaz topaketak programau dira Bilbon eta Getxon, edadeko personen kolektiboari emondako begiradak eta tratamendua barrikusteko helburuz. S/FFren hirugarren atalera hainbat persona garrantzitsugaz egingo diran jarduera batuko dira, besteak beste, Nektarios Tavernarakis eta Patricia Boya biozientifikoakaz. Azken horreek aldizkako barauaren eta autofagiaren bidez zahartzearen kontrako Europako ikerketa-arloetako bat lantzen dabiz.

5. edizinoan dagoan Yo, vieja liburuaren egile Anna Freixas idazle, irakasle eta gerontologo feministeak Javier Yanguasegaz egingo dau berb; Javier Yanguasek heldutasunaren eta horrek planteetan dituan erronka personal eta sozialen inguruan be idatzi dau, baina beste ikuspuntu batetik.

Carlos San Juan, Soy Mayor, no idiota kanpainearen sustatzailea, Getxora hurreratuko da Jaialdiari amaierea emateko eta bere esperientziak eta egungo egoerea kontetako.

S/FFtik igaroko dira Hemen emakume zinemagileen kolektiboa eta, besteak beste, senior enpleguaren erronkez eta mitoez berba egingo da Iñaki Calvoren (Ageingnomics ikertzailea) eta Iñigo Sotomayorren (Deusto Bussines School) arteko saio batean edo Ramon Bareagaz edadeko personek zineman daben rolaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu