Arrizabalaga eta Osés pelotariek irabazi dabe eskupelotako emakumezkoen V. Bizkaia Txapelketako txapela

Bizkaie! 2023-02-13 07:45   Kirola

Garai eta Capellán eta Etxegarai eta Gaminde bikoteek txapelketako hirugarren eta laugarren postuak jokatu ditue.

Emakumezkoen V. Bizkaia Txapelketako finala Amaia Aldai eta Nora Mendizabal pelotariek Olatz Arrizabalaga eta Uxue Osésen kontra jokatu dabe Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako esku-pelotako emakumezkoen V. Bizkaia Txapelketako finala. Arrizabalaga eta Osés izan dira Bizkaia Frontoian izandako V. edizinoko irabazleak eta azken markagailua 22 eta 21 izan da. Lorea Bilbao Ibarrak, Euskera, Kultura eta Kirol diputatuak, jarri deutsee txapelak pelotariei.

Era berean txapelketako hirugarren eta laugarren postuak jokatu dira, kasu honetan Leire Garai eta Andrea Capellán eta Madalen Etxegarai eta Enara Gaminde, bikoteen artean. Capellán eta Etxegarai izan dira irabazleak.

Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako esku-pelotako emakumezkoen V. Txapelketea urtarrilaren 13an hasi zan Bizkaia Frontoian. Txapelketeak urtarrilaren 20an jarraitu eban, Bizkaia Frontoian. Hirugarren jardunaldia Zallako Frontoian izan zan, urtarrilaren 28an.

Bizkaia Frontoian jokatutako txapelketearen moduko ekimenakaz foru erakundeak kirola babestearen eta, aldi berean, emakumeak kirolean dauen parte-hartzea indartzearen aldeko apustuari eutsiz jarraitzen dau. Torneoaren aurkezpenean, Lorea Bilbao diputaduak nabarmendu ebanez, esku-pelotako emakumezkoen Bizkaia Txapelketea 2018an sortu zan eta orduko helburuari eusten deutsagu gaur be: Atzoko, gaurko eta biharko emakume pelotariak aintzat hartzea eta egiten daben lana balioan jartea, egunero entrenetan baitira eta esfortzu handia egiten baitabe kantxan zein kantxatik kanpo euren onena emoteko. Eta bosgarren edizino honetan, helburua horixe da, izan be, pelotari eta palista horreek eredu bihurtzea gustauko litxakigu, gero eta emakume eta neska gehiagok pelotan jokatzea erabagi deien, gure kirol hau indartzen lagunduz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu